Liskarrek zaildu egin dute Ukraina ekialdean eremu desmilitarizatua sortzea

Bi aldeek azaldu dutenez, hasi dira arma astunak hamabost kilometro atzera erretiratzen, Minsken sinatutako bake akordioari jarraikiz
Moskun eginiko bakearen aldeko manifestazioa, herenegun.
Moskun eginiko bakearen aldeko manifestazioa, herenegun. Y. KOCHETKOV / EFE

Adrian Garcia -

2014ko irailak 23
Minsken adostutako gune desmilitarizatua sortzeko lehen urratsak egiten hasi dira Ukrainako armada eta matxinoak. Hala adierazi dute bi aldeek. Besteak beste, arma astunak borroka lerrotik hamabost kilometro erretiratzea adostu zuten ostiralean. Haatik, mesfidantza nagusi da gatazka eremuan. Andrei Lisenko militarren bozeramaileak onartu du matxinoak hasi direla artilleria erretiratzen, baina «ez oso azkar». Bestalde, errusiazaleek diote armadako artilleriak ez diola utzi Donetsk hiriburuari su egiteari. «Donetsk hiriko bonbardaketak eteten direnean, orduan esan dezakegu arma astunak erretiratzen hasi direla», azaldu du Donetskeko Herri Errepublikako lehen ministrorde Andrei Purginek. ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeak egiaztatu behar du aldeek adostutakoa betetzen dutela, baina oraindik ez dira behatzaile guztiak iritsi eremura. Horrez gain, Lisenkok jakinarazi du bi soldadu hil dituztela azken egunetan. Edonola ere, gatibuen trukeak aurrera doaz. Lisenkoren esanetan, «1.200 soldadu eta zibil» askatu dituzte matxinoek.

Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak herrialdeko telebistei emandako elkarrizketa batean esan du irailaren 5ean adostutako su-etena tropak berrantolatzeko baliatzen ari dela armada. Presidenteak azaldu duenez, tregoa ezarri zutenetik aurrera egin du Kievek. «Parlamentuak argitaratuko du borroka lerroa zein den. Nabarmen aldatu da. Abuztuan galdu genituen posizioak berreskuratu ditugu».

Donetsk eta Luhansk eskualdeen herena inguru dute matxinoek mendean. Lurralde horiei «estatus berezi bat» emateko legea onartu zuen aurreko astean Kievek. Igor Plotnitski Luhanskeko Herri Errepublikako Defentsa ministroaren ustetan, Kievek haien de facto-ko independentzia onartu du ekintza horrekin. «Dei diezaiotela estatus berezia, baina Ukrainako legeak ezartzen ez badira, independentziaz ari gara hizketan». Legeak eskumen zabalak ematen dizkie matxinoei; esate baterako, Polizia indar bat eta lege erakundeak sortzeko ahalmena edo Errusiarekin harreman ekonomikoak sakontzeko aukera.

Kievek gogoz kontra eman dizkie eskumenak, nazioarteko presioak bultzatuta. «Lege horiek ez bagenituen onartzen, bake prozesua urratzea egotziko ziguten», esan du Poroxenkok. Halere, Ukrainako Parlamentuko presidente Oleksandr Turtxinovek gogoratu du autonomia ez dela indarrean sartuko legebiltzarrak lurralde horien mugak zehaztu arte.

Mugak militarizatu

Matxinoen eremua ixtea aurreikusten du Kievek, muga militarizatu batekin zatituz Ukraina eta errusiazaleek hartutako eremua. Poroxenkoren hitzetan, horrela «separatismoaren gaitza zabaltzea» saihestuko lukete. Halaber, matxinoek estatuko aurrekontuetatik kanpo finantzatu beharko dituzte euren gobernuak.

Bestalde, Europako Batasunak hil honetan eztabaidatuko du Errusiari ezarritako zigorrak kenduko ote dituen, Ukrainako ekialdeko egoeraren bilakaeraren arabera. Dena dela, Kremlinek aurreikusitako agendarekin jarraituko du. Azaroaren 15 eta 16an egitekoak diren G-20 gailurrean parte hartuko du Vladimir Putin presidenteak, Brisbanen (Australia). Julie Bishop Australiako Atzerri ministroak azaldu duenez, bilkuran parte hartu behar duten herrialde batzuk Putinen parte hartzearen aurka agertu dira. Baina Bishop hura gonbidatzearen alde dago, Ukrainako gatazkan «Moskuk izandako esku hartzeak» nazioarteko gaitzespena jaso dezan.

Etxe barruan ere jaso ditu kritikak Kremlinek Ukrainaren inguruan hartutako jarrerarengatik. Dozenaka milaka lagun kalera atera ziren herenegun Moskun, Ukrainako gerraren aurka protesta egiteko. Bakearen aldeko martxan, Ukrainako eta Errusiako banderak astindu zituzten, eta Putinen aurkako oihuak egin zuten. Presidenteren aurkako hainbat afixa konfiskatu zituen Poliziak. Matxinoei babesa eteteko eskatu zioten antolatzaileek gobernuari, eta tropak Ukrainatik erretiratzeko. Parlamentuz kanpoko oposizioak salatu du ustez matxinoen alde borrokatutako errusiar soldaduak hil direla. Halere, Moskuk beti ukatu du tropak eta armak bidali izana Ukrainara.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna