Saudi Arabiak dozenaka goi kargudun atxilotu ditu, ustelkeria leporatuta

Hainbat adituk erreforma prozesu baten barruan kokatzen dituzte atxiloketak. Riadek euren aurka eraso egitea leporatu dio Teherani

Mohamed bin Salman, Saudi Arabiako printze oinordekoa, Mekan. SPA / EFE.
Iosu Alberdi.
2017ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Saudi Arabiak dozenaka printze, enpresari eta goi kargudun politikari atxilotu ditu, «ustelkeriaren aurkako operazio baten barruan». Ustelkeria Ikertzeko Goi Batzordea larunbatean jarri zuen indarrean Salman bin Abdulaziz erregeak, eta igandean eta atzo dozenaka lagun atxilotu dituzte. Mohamed bin Salman printzea da batzordeko burua. Bin Salman Saudi Arabiako tronurako oinordekoa da, eta erreinua eraberritzeko prozesu bat martxan jartzea du helburu.

Atxilotuen artean GuardiaNazionaleko ministro Muteb bin Abdullah, MBC komunikazio taldeko zuzendari Al-Walidal-Ibrahim eta Al-Waleed bin Talal printzea daude. Bin Talal Saudi Arabiako pertsonarik aberatsena da. Hainbat ministro eta ministro ohi ere atxilotu dituzte.

Dirua zuritzea, eroskeria, estortsioa eta norbere onurarako kargu publikoak erabiltzea leporatu diete atxilotuei, Reuters agentziak jakinarazi duenez.

Saudi Arabiak atxilotuen banku kontuak izozteko erabakia hartu du, Informazio eta Kultura Ministerioaren arabera: «Ustelkeria kasuekin lotutako funtsak estatuko kaxara itzuliko dira». «Gardentasuna, irekiera eta gobernu on bat bermatzeko erreforma oso baten zati dira ikerketak», azaldu du Sud al-Moyebek, estatuko fiskal nagusi eta ustelkeriaren aurkako goi batzordeko kideak. Era horretan, ukatu nahi izan du operazioa «garbiketa politiko bat» dela.

Hainbat adituren ustez, ordea, printze oinordekoak estatuko ekonomia eta gizartea eraberritu nahi ditu, eta, horretarako, hainbat pertsonaia boteretsu kendu nahi ditu goi karguetatik. Izan ere, Bin Salmanen erreforma nahiek harrera ona izan dute gazteen artean, baina erresumina sortu du gizarteko alderdi kontserbadoreenetan. Besteak beste, emakumeen gidatzeko eskubidea eta horiek kirol estadioetan sartzeko baimena indarrean jarriko dira laster.

Iranen «mehatxua»

Saudi Arabiako arazoak ez dira estatu barrura mugatzen. Yemengo gerran rol garrantzitsua jokatzen ari da. 2015ean gerra abiatu zenetik, nazioarteko koalizio bat zuzentzen du, Yemengo presidentearen aurka matxinatu ziren xiiten —huthien— kontra.

Huthiek misil bat jaurti zuten larunbatean Riadera, Jaled erregearen aireportua helburu izanik, SABA albiste agentziaren arabera —matxinatuek kontrolatzen dute agentzia—. Saudi Arabiako segurtasun indarrek, ordea, misila aireportura iristea eragotzi zuten.

Riadek Irani egotzi dio huthiei arma horiek eman izana. Eginiko ikerketen arabera, misilaren egiletzan «Iranen rola» agerian geratu da. «Iraneko erregimenaren eraso militar garbia da, eta Saudi Arabiako Erresumaren aurkako gerra ekintza gisa har genezake», azaldu du nazioarteko koalizioak. Koalizioaren ustez, Iran «mehatxu bat da» Ekialde Hurbileko segurtasunerako.

Matxinatuen erasoari erantzunez, nazioarteko koalizioak Yemengo lurreko, aireko eta uretako muga guztiak ixtea erabaki du, eta adierazi du nazioarteko zuzenbidearen arabera «Irani erantzuteko eskubidea» duela, «defentsarako eskubide legitimoan oinarrituta».

Huthien lider Abdul Malik-al Huthi eta beste 39 matxinatu aurkitu ahal izateko informazioa eskatu du Riadek, eta Al-Huthiren inguruko informazioagatik 25 milioi euroko saria eskaini du.

Teheranek, berriz, «onartezintzat eta probokaziotzat» jo ditu Riaden adierazpenak, eta huthiak «era independentean» aritzen direla esan du. Atzerri Ministerioko bozeramaile Bahram Qasemik adierazi du Saudi Arabiaren jokaeraren erantzuna direla erasoak: «Saudien erasoak dira ekintza horien arrazoia, ez inongo beste estaturen neurriak». Riadek ez ditu jarritako «helburu maltzurrak» bete Yemenen, eta «akusazio faltsuak» egiten ditu orain, Qasemiren esanetan.

Haririren erabakia

Bien bitartean, Saad Hariri jaso du Bin Abdulaziz erregeak Riaden. Haririk Libanoko lehen ministro kargutik dimisioa eman berri du, Saudi Arabian zela. Dimisioa ematean, Haririk Libanoko eta Siriako politikan Iranek duen eragina kritikatu zuen, Hezbollah erakundearen bitartez. Hezbollahek, berriz, Riadi leporatu dio lehen ministroaren erabakia behartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.