Nafarroako BPGa %3,3 hazi da aurtengo lehen hiruhilekoan

Aurreikuspenak gaindituta, Nafarroako jarduera ekonomikoa «sendo» dago oraindik. Gobernuak berretsi du aurten %2,7 haziko dela ekonomia

Irune Lasa - Jon Fernandez
2018ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Jarduera ekonomikoa «sendo eta kementsu» dago oraindik Nafarroan, eta horren erakusgarri da BPG barne produktu gordinak urteko lehen hilabeteetan izan duen hazkundearen erritmoa. Aurreko hiruhilekoaren aldean,%1 hazi da herrialdeko BPGa, eta joerak hobeto islatzen dituen urte arteko tasan, berriz, hazkundea %3,3 izan da.

Manu Aierdi Garapen Ekonomikoko lehendakariordeak azaldu duenez, hazkunde horrek gainditu egin ditu foru gobernuaren aurreikuspenak. Urtarrila eta otsaila «bereziki onak» izan direla azaldu du lehendakariordeak, eta martxoko adierazleak nahasiak direla. Enpleguaren eta Gizarte Segurantzarako afiliazioen bilakaera onak azpimarratu ditu Aierdik, herenegun jakindako INEren datuak «espero baino txarragoak izan arren». Urtarrilean, aspaldiko urteetako afiliazioaren beherakadarik txikiena izan da Nafarroan, eta, otsailean, aspaldiko afiliazio igoera handiena.

Enpleguaren bilakaera horretan industria sektoreak izan duen pisua azpimarratu du Aierdik. Izan ere, hiru afiliatutik bat sektore horretan zegoen. Industria ekoizpenari eta esportazioei dagokienez, nekazaritza elikadurak, metalurgiak eta manufakturak dira industria jarduerari gehien tira egin diotenak. Autogintzan, ordea, apirilera arte itxaro beharko da Volkswagenen egindako aldaketen egiazko eragina ikusteko, bitartean ez baitira auto ekoizpenaren erritmo normalak iritsi.

Urteko hazkunde kopurua zein izan daitekeen aztertzean, nahiz eta beste zenbait erakundek goranzko mugimenduak egin aurreikuspenetan, foru gobernuak %2,7ko iragarpenari eutsi dio, baina ez dute baztertzen aurrerago aurreikuspen horiek hobetzea. Dena den, lehendakariordearen arabera, adi egon beharko da diru politikaren gogortze bati eta baita nazioarteko tentsio geopolitikoei ere.

Moteltze aldera

Inguruko beste herrialde batzuk, motelago hazi dira: Espainiak, esaterako, 2017ko azken hiruhileko hazkunde mailari eutsi dio aurtengo lehenengo hiruhilekoan ere, BPGa %0,7 handituz; Frantziako ekonomiak, ostera, espero baino motelago egin du gora urtarriletik martxora artean, %0,3.

Espainian hamazortzigarren hiru hilabetez jarraian hazi da BPGa. Urte arteko aldeari dagokionez, lehen hiruhilekoaren gorakada %2,9 izan da, aurreko hiru hiruhilekoetan baino bi hamarren motelago.

Frantziaren %0,3ko hazkundea aurreko hiruhilekoan baino lau hamarren apalagoa izan da, eta joan den martxoan INSEE Frantziako Estatistika Institutuak aurreikusitakoa baino hamarren bat txikiagoa. Hazkundearen moteltzearen arrazoi nagusitzat barne kontsumoaren bilakaera murritza nabarmendu du erakundeak: irailaz geroztik, %0,2ko erritmoan ari da igotzen kontsumoa; apalegi, susperraldi ekonomikoa hauspotzeko. Frantziako Gobernuak joan den apirilaren 11n berritu zuen 2018rako hazkunde datua, eta hiru hamarren igo zuen, %2ra arte.

Albiste onik ez daukate Mantxako kanalaren beste aldean ere: moteldu egin da Erresuma Batuko ekonomiaren hazkundea. BPGa %0,1 baino ez da handitu lehen hiruhilekoan. Igoerarik apalena da 2012. urteaz geroztik. Eraikuntza sektoreko jarduera nabarmen jaitsi da, eta moteldu zerbitzuen hazkundea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.