Ehun bat lagun desagertu dira Indonesian, ferry bat hondoratuta

Toba lakuan gertatu da ezbeharra. Agintarien arabera, baimendu baino jende gehiago zihoan ontzian. Hemezortzi lagun onik atera dituzte

Igor Susaeta.
2018ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Eguraldi txarraren eta olatu handien eraginez, gidariak egurrezko ferryaren kontrola galdu zuen, eta horregatik hondoratu zen ontzia. Indonesiako Sumatra uharteko Toba lakuan gertatu zen ezbeharra, herenegun arratsaldean, eta ehun bat lagun desagertuta daude orduz geroztik. Hango agintarien arabera, egurrezko ontziak hirurogei pertsona garraiatzeko lizentzia zuen, eta istripua gertatu zenean 130 bat zihoazen barruan. Gune turistikoa da Toba lakua.

Poliziako, armadako eta erreskate taldeetako 350 bat kidek erreskate lanei ekin zieten berehala, eta, oraingoz, hemezortzi lagun onik atera dituzte; gorpu bat ere atera dute. Eguralditxarra erreskate lanak zailtzen ari da.

Ehun bat kilometro luze da Toba, 30 bat kilometro zabal, eta munduko lakurik sakonenetakoa da —hondoa 550 bat metrora du—. Hondamendien Kudeaketarako Eskualdeko Agentziako kide Riadil Lubisen esanetan, Tigaras herria eta Samosir uhartea lotzen dituen sei kilometroko bideaegiten ari zela hondoratu zen ferrya.

Hasieran agintariek emandako datuen arabera, 80 bat lagun zihoazen ontzian. «65 bat pertsonak esan digute beren senideak desagertuta daudela. Haiek topatzeko ahalegina egiten ari gara», esan zuen Lubisek. Beraz, Poliziak geroago jakinarazi zuen gehiago zirela ontzian zihoazenak.

Indonesian ohikoak dira itsasoan gertatzen diren istripuak. 17.000 bat uharteko uhartedia da, eta herritar askok ferryen eta bestelako ontzien beharra dute alde batetik bestera mugitzeko —260 milioi biztanle ditu Indonesiak—. Ontzi horien egoera, ordea, ez da izaten oso ona. Joan den astean, esaterako, egurrezko ontzi bat hondoratu zen Sulawesi uhartean, artxipelagoaren erdiko eskualde batean. 40 bat pertsona garraiatzen ari zen, eta gutxienez hamasei pertsona hil ziren. Duela hiru urte, Sulawesitik gertu, beste ontzi bat hondoratu zen, eta 78 pertsona hil ziren.

Musulmanak, oporretara

Gehiengo musulmana du Indonesiak, eta, behin ramadana bukatuta, Eid-el-Fitr festa ospatzen dute. Beraz, oporretara joaten dira horietako milioika, eta, hain zuzen ere, askok jotzen dute Toba lakura. Duela 74.000 urte erupzio bat izan zuen sumendi erraldoi baten kraterrean dago lakua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.