garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Epidemia

2016ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Brasil oldartu egin zaio Zika birusa transmititzen duen eltxoari. Espezie hegalariaren aurkako gerrara deitu dute agintariek, eta ez da metafora, berripaper honetan irakurri genuenez, militarrak ere kalera ateratzeko gertu baitira behar izatera, ehun milaka soldatu, agindu bat eta bera helburu hartuta: Aedes Aegypti eltxoen bilguneak detektatu, haztegiak suntsitu eta haiek hil.

Globalizazioaren eraso berriak frontera eraman du herrialdea, baliabideak lehen lerroan jarri eta fumigatzeko bazookak dantzatzera, ziztadaka zabaltzen den epidemia gailendu ez dadin, eremu zabalagorik konkista ez dezan. Alabaina, bere ezinean, kutsatutako biktima ahulenak utzi ditu bazterrean: lurralde txiroenetako amak, mahaira zer eraman eduki ez eta birusaren ondorio latzenari ia laguntzarik gabe aurre egin beharko diotenak; eta haien seme-alabak, geroa galdu dutenak, buru-hezurra eta garuna behar bezala garatuko ez duten haur jaioberriak nahiz koskorragoak, entzumena eta ikusmena gal lezaketenak. Haientzat osasun zerbitzurik ez zegoelako lehen, eta are gutxiago orain, besterik ez bada irizpide minimo batzuk eta elkartasuna biziki eskertzekoak liratekeenean.

Horixe baitute gerrek: etsaia garaitu beharraren logikan, gaitz erdi dela miserableenen sakrifizioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.