Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Iritzia Nire Dora

Publizitatea

Iritzia

BIRA

Nire Dora

 

2017-05-20 / Miren Amuriza

Maskota bat daukat, Dora. Globo-arrain baten antz-antzekoa da baina ez da arraina, lehorrekoa da. Borobila da, kolore biziduna eta arantzatsua. Begi irtenak dauzka, aho handia, oso handia, aleta itxurako besoak eta hankatxo txiki bi sabel barrenean. Nire gelan bizi da, urik gabeko arrain ontzi batean; esan dut lehen ere globo-arrain baten antz-antzekoa dela baina lehorrekoa. Denetik jaten du: gaileta txatalak, loreak, lore asko, papera... Maiz harrapatu dut egunkari orrietatik nire argazkiak edo zutabeak jaten. Aseezina da, baina oso selektiboa. Irentsi eta irentsi, hainbeste puzten da batzuetan, ezen ia ontzian kabitu ere ez baita egiten. Horrelakoetan, ur parrastada hotz bat isuri behar izaten diot erlaxatu dadin. Neurrian dagoenean ondo sentiarazten nau, egia esanda, konbertsazioa ematen dit zutabeak idazten ari naizen bitartean. Ordea, puztu-puztu egiten denean, jasanezina izaten da haren berba jarioa. Paseatzera ateratzen dudanean, adibidez, itsu-itsuan joaten da bere espezieko maskotei tutua usnatzera eta puztuago dabilenen bat topatzen badu, berehala hasten da matrakan. Inoiz pentsatu izan dut hobe nukeela arrain laranja bat erostea, baina hain dira inpertsonalak... ezta? Gainera, orduan, ez nuke jakingo Dorarekin zer egin. Oparitu, adibidez, ezingo nioke inori egin, neuk bakarrik baitakit nire egoa elikatzen. Nire egoa esan dut? Barka, nire Dora esan nahi nuen.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak