BIRA

Errukirik ez

Miren Amuriza

2017ko abenduak 7
Libanoko errefuxiatuen kanpalekuetara abiatzekoa da Mugarik Gabeko Pailazoak kolektiboko umoregile talde bat. Bartzelonako Unibertsitateko hainbat psikologorekin formatu dira eta kanpalekuetako umeak artatzeko asmoz doaz. Jatorri siriarrekoak edo palestinarrekoak dira gehienak eta gerrak eraginiko estres postraumatikoa nozitzen dute. Bertako umeei beren oroitzapenei aurre egiten laguntzea eta helduei prozesu hori errazteko bitartekoak eskaintzea omen pailazoen helburua.

Ohe gainean maleta egiten hasita egongo da, beharbada, boluntario horietakoren bat, sorterritik egundo irten bakoa bera. Sartuko ditu sonbreirua, alkandora loratua, zapatila urratuak... eta zain dituen umeen oinetakotxoak irudikatu. Haien ibiltzeko, korrika egiteko motiboak bere inguruko haurrengandik oso bestelakoak direla pentsatuko du eta errukitu egingo da. Ordea, errukia ez da eraikitzailea. Ez, hortik ez. Eta debekatu egingo dio bere buruari «irribarreak marraztera» doala esatea; debekatzen hasita, mundu osoari debekatuko lioke metafora txepel hori erabiltzea; debekatuta «ume koitaduak» pentsatzea eta «magia egingo dut» (alegia, «neuk salbatuko zaitut») esatea. Eta, hala ere, txikiren batek gisakorik eskatuko balio, ahalik zintzoen erantzutea erabaki du: botere magikorik ez daukala aitortzea baina berak, umeak, gaitasun sinestezinak dituela ikusaraztea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna