Miren Amuriza.
BIRA

Azpitituluak

2018ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Irakurketa kontua da: parametro batzuen arabera (edertasunarenak, kasu) geure gorputzak irakurtzeko erraztasun handia dugun eran, nekez moldatzen gara beste batzuekin (osasunari dagozkionekin, esaterako). Eta irakurri ezin dugunean zer egiten dugu? Ba, interpretatu.

Konkor bat behatz potoloan, adibidez. Sorgorrarentzat, «hori ez da ezer», ezta handitu eta zolduko balitzaio ere. Ibilpidea galdu artean medikuarenera joan barik egoteko gai izango litzateke, urguiluagatik, beldurragatik eta «hark ez didalako nik ez dakidanik esango», noski. Aldiz, sentibera, arduratu egingo litzateke, baina konkortxo bategatik anbulatoriora joaten ausartu ez; bai baitaki familia-medikuak gainezka eginda dabiltzana. Erdibidea hartuko luke, beraz: aholku eske farmaziara joatea. Hipokondriakoa bai, berehala joango litzateke behatzeko tumorea errebisatzera eta aditu baten diagnostikoa entzuteaz gain, bigarren edo hirugarrenen baten iritziarekin kontrastatuko luke: Felix Zubiari deituko lioke lehenengo, eta haren erantzunarekin konformatu ezean, Jakoba Errekondori gero; «total, saiatzearren...».

Askok ez dakitela beren gorputzak irakurtzen, alegia; atera kontuak norberea ulertzen ez duenak besterenak zelan dezifratuko dituen... Behin, esan egin behar izan nion bati: «Aizu, ze letxe egiten ari zatzaizkit?». Eta berak: «non daukazu, ba, azpitituluen menua?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.