Miren Amuriza.
BIRA

Neguko pijama

2018ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Biluztea ez da lagunari bularra, ipurdia, izterrak erakustea; biluztea lagunaren aurrean pijamarekin, neguko pijamarekin, agertzea da. Neguko pijama potoloarekin: artilezko galtzerdiekin (praka barrenen gainetik ipinita, noski) eta kotoizko kuleroekin (edo galtzontziloekin) konbinatzen ditugun prenda izartsu, loretsu, bihotzdun horiekin. Izebak, amonak, amaginarrebak oparitutakoak gehienak (aukeratzen hasita, geuk aukeratuko ez genituzkeenak, alegia), baina total, etxerako izaten direnez, itzultzen ez ditugunak.

Neguko pijamak, bataila domestikoren bat galdu eta «eskerrak inork ikusi ez nauen» pentsatzen dugun bakoitzean, albo-kalteak erregistratzen dituzten franelazko armadurak: haginetako pastarekin markatutako paparrak, tostadorarekin erretako mahukak eta kafesnez, tintaz, odolez zipriztindutako magalak. Ai, neguko pijamak eta beren, gure, esentzia... Usaina.

Jendaurrean urdurituz gero, publikoa biluzik imajinatzeko aholkatu zigun behin batek. Oker zebilen. Trankiltzeko, ikusleak pijamarekin, neguko pijamarekin irudikatu behar dira. Biluztea neguko pijama janztea baita. Eta neguko pijama eranztea, azalberritzea. Udaberria. Zain nago, norbaitek kantaren bat noiz egingo ote dion; ez litzateke suge baten azal-aldatzea bezain poetikoa izango, baina nik gustura koreatuko nuke neguko pijamari buruzko abesti bat zerbeza bat eskuan-da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.