Miren Amuriza.
BIRA

Ni PNVkoa

2018ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Etorkizunean zer izango ote ginen galdetu zigun orientatzaileak. «Ni sukaldaria izango naiz» esan zion ikaskide batek, «ni arkitektoa», «ni lorezaina», «ni irakaslea». Nik, PNV-koa izango nintzela esan nion. «Zelan PNVkoa?» berak, «hori ez da lanbide bat!». Baietz nik, bazela; orientatzaileak berak esaten zuen lez, «ate asko zabaltzen zituena». El Corte Ingleseko eskailera mekanikoetan gora joatea lakoa: lehenengo solairuan udaletxea, bigarrenean Diputazioa, hirugarrenean Jaurlaritza...

PNVkoa izateko ez da masterrik behar, adibidez, PPkoa izateko behar den bezala; aski da udaleko hirigintza batzordean oinarrizko ikasketak egin (kontratu publikoak modu irregularretan nola esleitu, legez kanpoko komisioak nola maneiatu...) eta solairutik solairura eskala handituz prozedurak errepikatzen joatea. Tartean iruzurra publiko egiten dela? No problem, gurasoenera itzultzeko aukera hortxe dago beti; beti izango duzu lekua etxeko enpresa edo fundazioren batean.

Halere, konbentzitu egin ninduten eta ez nintzen alderdikide egin. Ordea, gertatzen dena gertatzen dela, hauteskundeetan gailentzen segitzen dutela ikusita, nago nire lagun irakasle, lorezain, arkitekto haiek eurak ez ote ziren isilean jeltzaletu. Pena bigarren karrera bat hasteko gogorik eta dirurik ez dudana, zeren, lanbidea ez dakit, baina ukaezina da PNVkoa izatea ogibide bat dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.