Miren Amuriza.
BIRA

'Barbie Savior'

2018ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Afrikan lur hartzen duten Mendebaldeko bidaiarien zein GKE-ekin elkarlanean diharduten influencer eta boluntarioen ibilerak parodiatzen ditu Instagrameko @barbiesavior (Barbie Salbatzailea) kontuak; zelan solidariook selfie-ak partekatzen aritzen diren, etengabe. Protagonistatzat Barbie edo Ken dituzten irudi-muntaiak eta iruzkinak igotzen dituzte: «Zenbat dagoen egiteko Afrikan, lagunok! Nire helburua zuokin partekatzeaz emozionatuta: urte amaierarako 153 milioi umezurtz maitatzera iristea espero dut. Ez daukat, ez, lan makala!». Eta nabarmen uzten dute bertaratzen diren, garen, kanpotar askoren ikuspegi kolonialista (banakoena nola erakundeena); afrikar pasibo koitaduaren estereotipoa betikotzen duen mendebaldar ezjakinaren mundu ikuskera, alegia.

Salbatzaile konplexua omen pobretuenganako erruki infinitua agertzen duen aberatsaren gaitza; bizilagun arrazializatuekin modu paternalistan jokatzen duten zuriena, edo printzesak erreskatatzen tematzen diren zaldunena; umeen arteko gatazkarik ezdeusenetan ere esku hartzen duten helduena, edota amei, amonei irakatsiak ematen aritzen diren, garen, feministena. Salbatzaile konplexuaz barik, nagusitasun sentimenduaz hitz egin beharko genuke agian... Baina, tira, argazkietan natural emateko denetariko filtroak erabiliko lituzkeena, zelan ez da, ba, eufemismoez baliatuko autokritika egiteko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.