Ezker joerako legebiltzarra baina eskuineko gobernua izateko bidean da Portugal

Passos Coelhori gobernua osatzeko aginduko dio gaur presidenteak, eskuinak gehiengoa galdu arren.PSk Ezohiko Kongresua egingo du

Xabin Makazaga.
2015eko urriaren 6a
00:00
Entzun
Pedro Passos Coelho izan da Europan troikaren erreskatea jasan eta Bruselak agindutako doitze politikak ezarri ondoren hauteskundeak irabaztea lortu duen lehenengo agintaria. PaF Portugal Aurrera koalizioak —PSD alderdi sozialdemokrata kontserbadoreak eta CDS kristau-demokratak osatua— 800.000 boto eta hogeitaka eserleku galdu ditu, gehiengo osoarekin batera; baina gobernua gidatzen jarraituko duela ziurtzat jotzen da. Ezkerreko indarrak nagusi izan arren Portugalgo Legebiltzarrean, oso zaila baitute bat etortzea. Zentro-eskuineko gobernuak agintean jarraitu arren, ordea, noiz arte iraungo duen ez dago batere argi. Gobernu bat osatzeko ez, baina etorkizun hurbilean aukerakoa baita ezkerreko indarrak ados jartzea kontserbadoreak agintetik botatzeko.

Passos Coelho gutxiengoan gobernatzeko prest agertu da, eta babesa PS Alderdi Sozialistan bilatuko duela jakinarazi du. Antonio Costa buruzagi sozialistak, berriz, porrota onartu —Europako hauteskundeak irabazi zituen PSk iaz— eta ez duela «gehiengo negatibo bat» osatuko jakinarazi zuen hauteskunde gauean. Gaur bilduko da PSren Zuzendaritza Batzordea, eta Costak alderdiaren Ezohiko Kongresura deituko du. Dimisioa emango duela ukatu egin du, baina dagoeneko bi alderdikide kargurako lehiatzeko prest agertu dira. Kritikoek duela urtebete PSko buruzagitza hartzean ezarritako bi helburuak huts egitea leporatzen diote: alderdia batzea eta gehiengo osoa eskuratzea bozetan.

BE Ezkerreko Blokeak —Syriza eta Podemosekin ahaidetua— eta CDU koalizioak —Alderdi Komunistak eta Berdeek osatua— eskaini diote Passos Coelho agintetik kentzeko aukera Costari, eta PSk «gobernua osatzeko modua» baduela esan dute; baina trukean PSk onartu ezineko langa jarrita.

Duela lau urteko hauteskundeekin alderatuta, PaF izan da behera egin duen indar bakarra, baina Passos Coelho da Portugalgo hauteskundeetako irabazlea. Eta PS, botoak eta diputatuak irabazi arren, galtzaile nabarmena izan da, ez duelako gobernurako alternatiba osatzea lortu. Aritmetikak ematen du ezkerreko gobernu baterako; jardun politikoak, ez.

Doitze politikak malgutzearen aldekoa baina Europako Batasunaren eskakizunak betetzearen aldekoa izaki, Ezkerreko Blokeak eta Alderdi Komunistak egin nahi duten politikaren kontra dago PS. Ezkerreko Blokeak —inoizko emaitza onenak lortu eta hirugarren indarra da 19 diputaturekin— jarrera zertxobait apaldu du, eta murrizketak baztertzeko eta kaleratze adiskidetsua bertan behera uzteko eskatu dio Costari. «Gugatik bada, eskuineko koalizioak ez du gobernua osatuko», esan du BEko buruzagi Catarina Martinsek.

Alderdi Komunistak, berriz, Portugal eurogunetik ateratzeko erreferendum bat nahi du, eta «eskuinaren politikak» babestea leporatzen dio Costari. PSk gobernua osatzeko aukera baduela esatearekin bat, «politika alternatibo, aberkoi eta ezkerreko batean oinarrituko ez den akordiorik» ez dutela behar nabarmendu du Jeronimo de Sousa buruzagi komunistak.

Gaur jasoko du mandatua

Passos Coelho gaur hartuko du Belemen Portugalgo presidente Anibal Cavaco Silvak, eta gobernua osatzen saiatzeko aginduko dio. «Indar bozkatuena gobernua osatzeko prest dagoela» jakinaraziko diola aurreratu du Passos Coelhok. Eta, CDS-PP koaliziokideko buruzagi Paulo Portasekin bildu ostean, PSrekin harremanetan jarriko dela aurreratu du.

PSD eta CSD alderdi kontserbadoreak gutxiengoan gobernua osatu nahian eta PS barne krisia gainditzeko ahaleginean, egonkortasun handirik ez dute utzi Portugalgo hauteskundeek. Abstentzioak, gainera, orain arteko marka guztiak hautsi ditu: %43.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.