Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Mundua Gutxienez 530 dira lurrikararen ondorioz hildakoak Kurdistanen

Publizitatea

Mundua

Gutxienez 530 dira lurrikararen ondorioz hildakoak Kurdistanen

Zaurituak 8.000tik gora dira. Irango larrialdi zerbitzuek erreskate lanak utzi dituzte, jendea bizirik aurkitzeko aukerak urriak direla arrazoituta
Etxeetatik ondasunak ateratzen, atzo, Sarpol Zahaben.
Etxeetatik ondasunak ateratzen, atzo, Sarpol Zahaben. A. TAHERKENAREH / EFE

2017-11-15 / Iosu Alberdi

Kurdistanen izaniko lurrikarak gutxienez 530 hildako eragin ditu, eta 8.000 zauritutik gora, Irna Irango albiste agentzia ofizialaren arabera. Igande gaueko lurrikarak 7,3 graduko indarra izan zuen Richter eskalan, eta aurten munduan hildako gehien eragin duena izan da.

Kalte handienak Irango Kurdistanek (Ekialdeko Kurdistan) jasan ditu, epizentroa Irakeko Kurdistanen (Hego Kurdistan) egon arren. Heriotza gehienak Kermanxah probintzian gertatu dira. 30.000 etxebizitza ere suntsituta geratu dira han, horietako asko azken urteetan eraikiak, estatuak abiatutako plan baten barruan. Irango presidente Hassan Rohani eremuan izan zen atzo, eta esan zuen gobernuak «duen gaitasun guztia» erabiliko duela hondamendia arintzeko.

Larrialdi zerbitzuek, ordea, astelehen gauean eman zieten amaiera erreskate lanei, hondakinen artean bizirik jende gehiago aurkitzeko aukerak urriak zirela arrazoituta. Hala adierazi zuen Irango larrialdi zerbitzuen buru Pir Hossein Kolivandek. Herritarrentzako laguntzek, berriz, bere horretan jarraituko dute, ura eta argindarra etenda baitaude eremu askotan, baita hainbat errepide ere.

Sarpol Zahabeko —kalte gehien jasan duen hiria— herritar ugarik bigarren gaua igaro zuten atzo kalean eta kanpalekuetan, errepliken beldur, 193 gertatu baitira igande gauetik. Hiriko zauritu larrienak ere mugitu egin behar izan dituzte, hango ospitaleak kalte larriak jasan baititu.

Egeleheko alkate Nazar Baranik adierazi du elikagaien, botiken eta kanpalekuen «behar handia» dutela han. Hiriko etxebizitzen %80 kaltetu dira.

Beste lurrikara bat

Irango Lorestan probintzian, Ekialdeko Kurdistanekin mugan, 4,3 graduko indarra izan zuen lurrikara bat gertatu zen atzo, Irango Sismologia Zentroaren arabera. Han 07:58 zirenean —Euskal Herrian 05:28— gertatu zen.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak