FARCek mobilizatzeko deia egin du, bake akordioaren urteurrenean

Kolonbiako gatazka osteko egoera «arriskuan» dago, txosten baten arabera. Uribe eta Pastrana batera aurkeztuko dira hauteskundeetara

Iosu Alberdi.
2017ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzailearen eta Kolonbiako Gobernuaren arteko bake akordioa sinatu zenetik urtebete igaro zen atzo. Gerrillatik sortutako alderdiko buru Rodrigo Londoñok urteurrena ospatzeko ekitaldia baliatu zuen «ikaragarrizko mobilizazio baterako» deia egiteko, «akordioa bete dadin». Juan Manuel Santos presidenteak, berriz, akordioa betetzeko bere konpromisoa berretsi zuen.

«Ezin dugu azaroaren 24 oro oroitzapen pozgarri gisa ezarri, dokumentu hura errealitate bihurtu izan balitz bezala», adierazi zuen Londoñok. Gerrilla armagabetu eta desmobilizatu egin da azken urtean, baina FARC Herriaren Indar Alternatibo Iraultzailearen presidenteak uste du akordioan sinatutakoa ez dela betetzen ari. Londoñoren esanetan, akordioak «beharrezko garrantzia» eman behar zionlurren arazoari, eta gerrillarien gizarteratzea bermatu.

Santosek eta Londoñok ez zuten iazko irudi bera eman, eta ez ziren batera igo Colon antzokiko agertokira, duela urtebete akordioa sinatu zen lekura. Santosek bakea sortzeko deia egin zuen, eta gerrillari ohien «kezkak eta eskakizunak» entzungo dituela azaldu: «Bakea eratzea herrialde batek izan dezakeen desafiorik garrantzitsuena da».

Estatuburuak esan zuen akordioa lortzeko lau urteko negoziazioak «zailak» izan zirela, baina «fusilak isilarazteak milaka bizitza salbatzea» ekarri duela.

Bakea eta Adiskidetza fundazioak —Ernesto Samper presidente ohia buru duenak— kaleratutako txostenean, ordea, «arriskuan» ikusten dute Kolonbiako gatazkaren osteko egoera.

Txostenaren arabera, gatazkaren osteko egoera «kalitatezkoa» izateko beharrezkoa da sinatutako bake akordioa «zentzuz betetzea» eta «estrategia eraginkorrak» sustatzea indarkeria eragiten duten gainontzeko faktoreei aurre egiteko.

FARCeko disidenteak hartzen ari diren indarra jotzen du gako nagusietakotzat, baita ELN Nazioa Askatzeko Armadak gatazka armatura itzultzeko aukerak murriztea ere. ELN, Kolonbian geratzen den azken gerrilla, bakerako negoziazioetan da gobernuarekin.

Oposizioa prestatzen

Kolonbiako bi presidente ohik, Alvaro Uribek eta Andres Pastranak, adierazi dute koalizioan aurkeztuko direla 2018ko hauteskundeetara. Uribe eta Pastrana FARCen eta gobernuaren arteko bake akordioaren aurka agertu izan dira, eta Santosen erabaki ugari kritikatu dituzte: «Negoziazioek sortutako desoreka instituzional larriak zuzendu behar dira». Gerrillaren aurka delituak egin dituzten militarrentzako epaitegi berezien aurka ere agertu dira, baita akordioan onartutako lurren banaketaren kontra ere. Horiek Habanako negoziazioetan adostutako puntu nagusietako bi dira.

Bi presidente ohien koalizio buruak German Vargas Lleras hautagai ofizialista eta Londoño bera izango ditu aurkari hauteskundeetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.