garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Putin

2015eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Vladimir Putinek harrituta dauzka neurologoak, ez da gaurko kontua. Zilegi balitzaie, auskalo zenbat erresonantzia magnetiko egingo lizkioketen tipoari, ospitaleko bata jantzarazi eta ipurdi-bizkarrak agerian utzita. Izan ere, erreparatu bere aurpegi zurrunari, baina batik bat, ibilera xelebreari: pauso arinean doala ere, eskuin besoa geldi beti, gorputz enborrari itsatsita; ezkerra, aldiz, dantzan aurrera eta atzera, gogotsu, airoso… Zer pentsa emateko modukoa.

Sufritze fetala, forzeps bidez lagunduta jaio izanagatiko buru paralisia, umetako poliomielitis kasua, Asperger zantzuak… egundoko hipotesi mordoa aipatu izan dute neurologoek, urrats molde horren harira. Orain hurrena, Parkinson gaitza ere etorri zitzaion gogora Bastiaan Bloem buru duen taldeari, Herbehereetan. Ez zioten, ordea, luzaroan eutsi, besteak beste, gerriko beltza merezi izateko trebeziarik galdu ez duelako judoan. Azkenean, Far West-eko cowboyen eta KGBko eskuliburu zaharren artean aurkitu dute gakoa: arma noiznahi eta albait agudoen ateratzeko prest egon beharrak sortzen duen postura omen da, Pistoleroaren ibilera deitua momentuz, British Medical Journal-en azaldu dutenez. Sindrome argigarria, bere burua Errusiar Inperioko Tsarrena baino gorago jaso duenarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.