garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Bizikleta

2015eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Familia aspertuak aisi bila batzen diren ordoki asfaltatuan, gizaseme kopetiluna aginduka ari zaio hamar urte inguruko mutikoari, ustez semea, behingoz bizikleta gobernatzen ikas dezan. Futbol entrenatzailea dirudi, beste hemisferiotik ere aditzeko moduan orroka eta espantuka: «Zuzendu ezak gurpila, baboa!», hamaikagarrenez saiatu denean, «eta jarri hadi tente, melokotoia!», lehen ziraldoan, «hi haiz hi, kakatia!», oreka galdu eta aieneka hasi denean.

Trakeskeriak baino gehiago, mutikoaren urguilu faltak atera du aita bere senetik, tematzen ez dela ikusteak, eta traka berri bat prestatu dio koitaduari, hiru neskato gaztexeago ondotik pasa zaizkienean, bizikleta gainean haiek ere. «Begira zapaburu honi!», eskatu die semearentzat arreta, «zuen lagunen artean ba ote da inor bizikletan ibiltzen ez dakienik?». Haietariko batek, ezetz, egiak errukirik ez duela konturatu aurretik. «Beraz?!», zuzendu zaio berriro semeari, dezibelioak goratuta: «herriko memeloena izaten jarraitu nahi al duk?!» .

Garondoan iltzatu zaizkion begiradak saihestu nahian, belaun-ukondoetako babesak segurtatzen hasi da mutikoa, eta ordulariari erreparatu dio, bi minututan laugarrenez, gosearen aitzakia ateratzeko goizegi ote den erabaki aurretik.

Opor egunen xarma.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.