Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Iritzia Barearen ostean

Publizitatea

Iritzia

BIRA

Barearen ostean

 

2017-09-13 / Miren Amuriza

Irma urakana Floridako kostaldera hurreratzen-hurreratzen zihoala, haizea harrotu eta euria hasi ei zuen. Itsasoa, bien bitartean, erretiratu egin zen mendebaldeko hondartzetatik, eta bizilagunak inguruko moiletan hondoa jo zuten batelen argazkiak sarera igotzen hasi ziren; harriduraz batzuk, ikaratuta besteak. Ekialdeko haizea hain izan zen bortitza, ze urak itsasorantz bultzatu zituen. Diote meteorologoek, olatuak askoz indartsuago itzultzen dira fenomeno horiek gertatzen direnean.

Ordea, urak jaisten direnean ikusten da nabarmenen hondoan, oinarrian, zer dagoen. Mareak behera egiten duenean bistaratzen dira hondartzan algak, karakolak, botila hutsak eta karramarroak; bainera hustean geratzen zaizkigu agerian zilborra eta behatz potoloak; tropak erretiratu ondoren agertzen dira gorpuak gudu-zelaian eta gaupaseroak etxeratzen direnean pilatzen da zaborra kaleetan.

Bartzelonak gainezka egin zuen astelehenean, inoizko Diadarik jendetsuenean; gutxitan ikusten da, dena delako mobilizazioetan, ordukoan adina aurpegi irribarretsu. Jaitsi zen marea, itzuli ziren beren herrietara hiriburua hartu zuten milaka lagunak; bistaratu zaizkigu, nola hondoa jotako batelak, Kataluniako Auzitegi Nagusiaren eta Espainiako Konstituzionalaren erantzunak... Baina esaten dute meteorologoek ere: olatuak askoz indartsuago itzultzen dira fenomeno horiek gertatzen direnean.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak