Miren Amuriza.
BIRA

Bestetasuna

2017ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Angeles Ramirez antropologoari eginiko elkarrizketa zekarren igandeko BERRIAk. Musulmanen inguruan eraiki dugun irudi estigmatizatuaz, bestetasun imajinatuaz, mintzo zen Ramirez; delako eraikuntzaz baliatuta (oinarrizko eskubideak errespetatzen ez dituen komunitate antisozialaren irudiaz) musulmanak mehatxutzat jotzen ditugula zioen. Modu kritikoan egin beharko genuke denok ere ariketa hori, bestetzat nortzuk ditugun pentsatu. Niretzat, esaterako, musulmanak besteak dira baina neurri baten kristauak ere bai; juduak eta budistak; amerindiarrak, beltzak, orientalak; milioidunak eta etxegabeak; gizonezkoak; umeak eta zaharrak; Euskal Herriko erdaldunak...

Akorduan daukat, bere garaian, inpresionatu egin ninduela Alejandro Amenabarren Los Otros filmak: Nicole Kidmanek senperrenak pasatzen zituen etxe fantasmal bateko izpirituengandik iheska harik eta azkenean bera ere hilda zegoela deskubritzen zuen arte. Orduantxe gertatzen da krakada, norbaitek zeu ere besteetakoa izan zaitezkeela ikusarazten dizunean eta hark zutaz duen irudia zeure buruaz duzunarekin bat ez datorrenean; herrialde pobreturen batera oporretan joan eta ume batek «Dolar! Dolar!» deitzen dizunean, adibidez. Nago horrexegatik ditugula hainbesteko erresistentziak bestetasun imajinatua deseraikitzeko: geure buruaz dugun irudikapena ere auzitan jartzea suposatuko lukeelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.