Miren Amuriza.
BIRA

Harropuztu

2017ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Erresuma Batutik deportatua izateko arriskuan ei dago gazte siriar bat Londresko metro geltoki bateko sarreran zigarro-punta bat lurrera botatzeagatik. 80 liberako isuna jarri zioten, ezin izan zuen ordaindu eta prozesatu egin dezakete hargatik. Espedientea zabalduz gero, aurrekari penalak edukiko lituzke eta galdu egingo luke asilo eskubidea. Zalantzan jartzeko modukoa, beraz, ofizial haien garbiketa-planaren benetako jomuga zer, nor zen. Segurtasun pribatuko enpresa baten esanetara dihardute «anti-zabor agente» deritzenok, eta isun handiak ipini ei dizkiete auzotarrei kafe-hondarrak estoldara isuri edota zarama okerreko edukiontzietan uzteagatik. Milaka liberako diru-sarrerak eragin dizkiote udalari hilabete gutxi batzuen buruan, agenteek eurek ere ordainsari gehigarriak kobratzen baitituzte jarritako isun kopuruaren arabera.

Sarritan ahalegindu izan naiz horixe (beren lana egiten ari direla) pentsatzen parean suertatu izan zaizkidan seguratei buruz; beste edozein behargin bezala izorratuko dituztela nagusiek eta beste edozein behargin ez bezala mespretxatu herritarrek. Ordea, niri neuri, segurtasuna eta konfiantza ez beste guztiak transmititzen dizkidate denek. Ez dago, egon ere, azpiratua sentitzen denari botere pittin bat ematea lakorik, makinatxo zapaltzaile inmutable bat sortzeko; zigarro-punta bat bota duala? Oraintxe ikusiko duk nork agintzen duen hemen... Boterea afektuarekin hartzen duena, ahaldundu egiten da; hotzean hartzen duena, harropuztu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.