Miren Amuriza.
BIRA

Sinboloak

2018ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Erreferenteak, ordezkariak, sinboloak; norbere pentsaera, sentiera, jarrera errepresentatzen duten figurak. Gabriel Aresti: euskara, euskara batua, eta literatura; egonezin artistikoak eta sozialak; «esanen dute hau poesia ez dela baina nik esanen diet poesia mailu bat dela». Berta Caceres: militantzia; ingurumenaren zaintza eta feminismoa; lurra eta ura; «bizitzaren, ekologiaren, gizakiaren eta emakumearen aurkakoa da kapitalismoa». Erreferenteak, ordezkariak, sinboloak; begiradarekin zehatz-mehatz enfokatzen ditugun puntuak; nork bere gelako sabaian eskegitako paperezko ilargiak, linternarekin behetik gora egiten diegun argiaren arabera, itzal luzeagoa edo estuagoa izan dezaketenak. Erreferenteak, ordezkariak, sinboloak; Ahed Tamimi eta Carles Puigdemont aipatuenak asteon (ez naiz konparatzen ari). 17 urteko aktibista zisjordaniarra lehena; soldadu okupatzaile biri aurre egiteagatik epaituko dutena eta Israelek atxilotuta dituen ehunka adingabe palestinarrak sinbolizatzen dituena. Kataluniako presidente exiliatua bigarrena, gaur- gaurkoz independentzizazio prozesuaren erreferente nagusia askorentzat. Eta galdera: sinbolo bat erortzeak zenbateraino jar dezakeen kolokan ordezkatzen duen hura. Erreferenteak, ordezkariak, sinboloak; norbait ilargien sokatxoak moztu guran dabilenean, orduantxe egin behar diogu guk sabaiari argi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.