Miren Amuriza.
BIRA

Zein huelga?

2018ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Amama-lobak ezkaratzean; eskualdeko astekaria irakurtzen amama, hark prestaturiko albondigak jaten biloba: datorren astean huelga dago, amama. Zein huelga? Emakume beharginaren egunekoa. Ah. Zeurea ere bada, e? Nik ez dut egundo beharrik egin, ume! Ezetz? Esan gura dut, fabrikan-edo... Baina etxean asko egin duzu! Hori ez da beharra, esan gura dut, sueldoagatik egiten dena. Sueldoa baino gehiago merezi zenuke zuk, amama. Nik beste guztien moduan, ume, halaxe zela eta egin...

Goitik behera irakurtzen ditu orrialde guztiak eta ailegatu da, halakoren batean, azkenekoetara: «Lan bila nabil pertsona nagusiak edo umeak zaintzeko; barne zein kanpo langile moduan, arratsaldez zein gauez aritzeko prest. Andra euskalduna zaintza lanak zein etxeko lanak egiteko prest. Esperientziadun mutila lan bila; pertsona nagusiak zaintzeko, ospitaleetan eta baserrietan lan egiteko prest. Umeak eta pertsona nagusiak zaintzen ditut. Lan bila nabil, pertsona nagusiak eta umeak zaintzen edo garbiketa lanetan; barne zein kanpo langilea, astelehenetik barikura, asteburuetan eta gauetan aritzeko prest. Neska arduratsua lan bila, pertsona nagusiak edo umeak zaintzeko; erreferentziaduna. Kanpo langilea lan bila, pertsona nagusiak edo umeak zaintzeko, garbiketa lanetan edo sukaldari laguntzaile moduan aritzeko».

Ume... Zer, amama? Bai, behar asko egin dut neuk ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.