Miren Amuriza.
BIRA

Hementxe

2018ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Ez iezazkidazu zorionak eman. Eman iezadazu eskua. Eman eskua eta hitz egin dezagun. Ez, ez gara gizonei buruz arituko, nahikoa aritu gara egunotan... Hitz egin dezagun zutaz, nitaz, gutaz. Zu ni ez epaitzen eta ni zuri irakatsirik ez ematen ahaleginduta. Grebarik, plantorik ez egitea erabaki baituzu. Ados. Izango dituzu zeure motiboak. Baina ez iezadazu esan, mesedez, zuretzat martxoaren zortzia egunero denik eta gaurkoari zentzurik ikusten ez diozunik. Ez esan zure neba eta zu berdin-berdin-berdin hezi zintuztetenik. Ez esan ez duzula ulertzen zelan utzi ditugun deialditik kanpo giz... Barkatu, guri buruz berbetakotan geratu gara, ezta? Ez iezadazula esan zu parekidetasunaren aldekoa zarenik; ez feminista, ez matxista. Entzun duzu inoiz desberdintasun egoeretan neutraltasuna ez dela hegemoniaren hedapena besterik? Uf, eskerrak irakatsirik eman behar ez nizun, ez... Baina tira, azken hori konpentsatzeko, tori kontraesan bat (geure artean): plazako karpan bazkalduko dugu gaur: «sukalde-lanei ere, planto». Ezetz asmatu nork prestatu didan gaur goizean eguerdirako tupperra? Kaleak hartzeko prest gaudela, alegia. Denboraz zabiltzala oraindik zeu ere. Eta animatzen ez bazara ere, trankil, agurtuko zaitugu zure leihopetik pasatzean; badakigu, gortina ostetik bada ere, begira egongo zarena eta. Zatozenean zatozela, hementxe gauzkazu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.