Miren Amuriza.
BIRA

Eskerrak

2018ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Altsasukoak atxilotu zituzten astean erditu zen gure lagun bat. Umea jaio zen eguneko eta bezperako egunkari bana oparitu genizkiolako daukat akorduan. Akorduan daukat, halaber, guraso berrien kontaketa eta kazetariena antzeratsu zihoazelako inpresioa izan nuela egun haietan: lehenengotan orduka (halako ordutan hasi zela kontrakzioekin bata, bestelako ordutan atxilotu zituztela besteak), gero egunka (honenbeste eguntxo zeuzkala txikiak, honenbeste zeroatzatela atxilotuta gazteek), gero asteka, gero hilabeteka... Umearen adinarekin (ia urte eta erdi dagoeneko) lotu izan dut harrezkero Altsasukoen auzia, harik eta atzo, epaiketa hasi eta batera, beren denbora neurgailuak lehertzear egon litezkeela gogoratu arte; egunka, hilabeteka, asteka ez eze, mendeka ere konta baitaitezke 375 zigor-urte.

Atzo ziren, halaber, epailearen aurretik pasatzekoak Oriol Junqueras, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart ere, Llarenak beren kontrako auzipetze autoak jakinaraz ziezazkien. Margalida Prohens Parlamenteko PPko bozeramaileak Espainian preso politikorik ez dagoela ziotsen bien bitartean kazetariei (gaur da hain justu berorien Nazioarteko Eguna) eta igandean Bartzelonako kaleetan bilduriko milaka lagunen irudiei begira nengoen ni, larunbatean Iruñetik iritsitakoak errepasatzen... «Eskerrak» pentsatuz, eskerrak baden egoeraren larriaz kontziente denik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.