Miren Amuriza.
BIRA

Ingeniariak-edo

2018ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Oposizioei buruz aritu ziren joan zen larunbat goizean Arantxa Urretabizkaia eta Onintza Enbeita Euskadi Irratiko Amarauna saioan (ehunka lagun Osakidetzako azterketak pasatzen ari ziren bitartean, hain justu); probak egin eta non edo non plazaren bat ateratzeko esan izan ei dio beti amak Enbeitari. Igande gauean, bere aita elkarrizketatu zuen Zuhaitz Gurrutxagak Herri Txiki saioan eta, artean, semea bakarrizketak egiten ikusi bakoa zela aitortu zuen hark; estutu egiten zela mutila jendaurrean ikustean eta gurago izango zuela ingeniaria-edo izan balitz.

Sortu egin beharko dugu Ingeniariak-edo Izango Ez Garenon Sindikatua: inkonprendituon asanblada; gurasoek lanaz galdetzean, proiektuez mintzatzen garenona; hanka sartzeko eskubidea aldarrikatzen dugun pribilegiatuona (pribilegioa baita, hanka sartuta ere, aita-amek babestu ahal izango gaituztena jakitea). Beraiek ere osa lezakete, halaber, Ingeniariak-edo Izango Ez Garenok Kaltetutakoen Guraso Elkartea; seme-alaboi egonkortasuna deseatzen eta gure ikaskideak oposizioak prestatzen ari direla gogorarazten digutenena; «ulertuko gaituzue, bai, egunen batean umerik izaten baduzue» esaten dutenena. Ordea, hala ez den artean, ezin guk jakin noiz kezkatuko liratekeen gehiago: 6 urteko umeak funtzionarioa izan gura duela esatean, ala 26ko seme/alabak autonomo egitea erabakitzean?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.