Miren Amuriza.
BIRA

Altxa kopa hori!

2018ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Urtebetetze afaria: kandela bat, ardo kopa bi eta oparitxoa mahai gainean. Zabaldu nuen paketetxoa eta «ai ama! Hau larregi da!». Ezetz berak, hartzeko. Pasatu egin zela nik. Ez nuela gutxiago merezi berak... Eta horrelaxe, harik eta konpresa paketea onartzeko konbentzitu ninduen arte.

Gutxienez 30 urtean zehar hilerokoa izango duen humanitatearen %50 horren parte bainaiz neu ere; 1.800 milioi gara uneotan, lauzpabost astean behin, egun bitik zazpira bitartean iraun dezaketen odol-isuriak edukitzen ditugun emakumezkoak. Ordea, tanpoiek eta konpresek, premia fisiologikoak berdintzeko oinarrizko, doako gaiak bainoago, luxuzko produktu izaten jarraitzen dute: estatu frantsesean %5,5eko BEZa dutena, %10ekoa dute espainiarrean (kabiarrak bestekoa). Gutako bakoitzak, konpresa eta salvaslipetan bakarrik, urtean 45-50 euro gasta ditzakeela, alegia; 30 urtean zehar, 1.350 bat euro.

Alternatiba jasangarriagoak bilatu behar, hortaz: trebatuenentzako isurketa librea, koherenteenentzako konpresa berrerabilgarriak, inkonformistentzako ekintza zuzena: Bilboko Ernaiko neskek, esaterako, konpresak eta tanpoiak ostu zituzten herenegun supermerkatu batetik ondoren, kalean, hartu gura zituenaren eskura jartzeko. Eta ardo zaleontzat, bien bitartean, um ble-ble, kopa hori, noski! Kandelari putz egin eta txirri aska, txirri aska... Altxa kopa hori! Ieup!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.