Miren Amuriza.
BIRA

Inprudentzia

2018ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Goizeko zortziak eta hogei gure lantokiaren pareko kafetegian: «tostada eta kafesnea, mesedez». Heltzen diot ogiari marmelada jartzeko eta «ostia! Kotxean ahaztu dut!». Ahoraino salto zidan bihotzak, eta hantxe geratu nintzen, barrari esku biekin oratuta, arnasari buelta eman ezinik. «Ondo zaude?», zerbitzariak. «Kotxean ahaztu dut! Kotxean ahaztu dut!», errepikatzen nuen nik.

Lortu nuen, zelanbait, gertatutakoa esplikatzea eta neu bestean asaldatu ingurukoak ere: «lasai, ez du bero handirik egiten eta ordu erdian ez zitzaion ezer gertatuko», zerbitzariak. «Baina orain bakar-bakarrik egongo da eta niri deika arituko da igual... Eta nik erantzuten ez!», niotson. Bat-batean, non entzuten dudan beste neska batena eta, une batez, neurea izan zitekeela pentsatu: «non zaude, laztana? Non zaude?». Zorabiatu nintzen ia! Eta eserarazi egin ninduten: «jan txokolatea, jan txokolatea, jan txokolatea...». Ezetz nik, uzteko txokolatea eta deitzeko larrialdietara. «Auskalo haiek noizko iritsiko diren eta eroango zaitut neuk kotxera», proposatu zidan gazte batek. Kafetegitik kanporantz goazela, non entzuten diogun agure bati: «umea ahaztu al du?».

Apenas daukadan bideko oroitzapenik, baina ondo gogoan geratu zait kotxera iritsi, atea zabaldu eta hantxe, kopilotuaren jarlekuan, mugikorra topatu nuenekoa: «barkatu, laztana, barkatu...». Eta pa eman nion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.