Eten egin dute Sarkozy nahasita dagoen ustelkeria auzi baten ikerketa

Frantziako presidente ohiak inputatuta jarraituko du, auzia baliogabetu edo ez erabaki arte.

UMPn hautagaitza aurkeztu berritan iritsi da etena
Nicolas Sarkozy.
Nicolas Sarkozy. IAN LANGSDON / EFE

Xabin Makazaga -

2014ko irailak 25
Frantziarren artean nabaritu duen «etsipenak» bultzatuta itzuli da Nicolas Sarkozy politikara; François Hollande (PS) edo Marine Le Pen (FN) Eliseoan ikusteak eragingo bide zuen hondamendia saihestu eta, UMPren buru berriro, kontserbadoreak agintera eramateko esperantzarekin. Horretarako, baina, UMP alderdi barruko lehia irabazi beharko du aurrena —azaroaren 27an—, eta, Errepublikako presidente bihurtzeko bidean, zama handi bat ere izango du: epaitegietan dituen auzi guztiak. Asteartean, dena den, arnasaldi txiki bat eman zion Parisko Kasazio Auzitegiak Frantziako presidente ohiari, haren aurkako ustelkeria auzi baten ikerketa eten egin baitzuen. Sarkozyk inputatuta jarraituko du, nolanahi ere, auzia bertan behera utzi edo ez erabaki arte.

Ustelkeria aktiboa, influentzia trafikoa eta sekretuak azaleratzea egotzita, Sarkozy uztailean atxilotu eta inputatu zuten Claire Thepaut eta Patricia Simon epaileek. Thierry Herzog abokatuarekin izandako telefono deien grabazioak oinarri hartuta, Bettencourt auziari buruzko ikerketa judizialen berritasunak jakinaraztearen truke Auzitegi Goreneko magistratu bati ustez postu bat eskaini izana egotzi zioten Sarkozyri eta haren abokatuari.

Gilbert Azibert epaileak Monakoko administrazioan postu entzutetsu bat nahi zuen —ez zuen lortu azkenean—, eta Sarkozyk eta Herzogek presidente ohiaren kontrako auziei buruzko informazioaren truke halakorik agindu ote zioten ikertzen ari zen Pariseko Kasazio Auzitegia. Uztailean, legez kanpoko ezer ez zuela egin deklaratu zuen Sarkozyk: «Azibert jauna postu baterako hautagai zen Monakon. Thierry Herzogek mugimenduren bat egin zitekeen galdetu zidan. Ez dut urrats hori egin».

Auziak eta inkestak

Ustelkeria aktiboa eta influentzia trafikoa egozten dioten auziaz gain, beste hainbat ditu irekita Sarkozyk: Muammar Gaddafik 2007ko hauteskunde kanpaina finantzatu ote zion, Bigmalion auzian 2012ko hauteskunde kanpainari buruzko faktura faltsuei buruzkoa, Eliseoaren inkestak hurbilekoei agindu izana, eta Tapie auziaren arbitraia irregularrari buruzkoa, besteak beste.

Politikaren lehen lerrora itzuli delarik, igandean elkarrizketa egin zioten Sarkozyri France 2n. Eta ez zituen ikusleak gogobete: %45ek jo zuten egokitzat haren agerraldia, baina %67k politikara errebantxa gogoagatik itzuli dela uste dute, eta ez Frantziarako proiektu politiko bat duelako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna