Kolonbiako armada utzi egin du Alzate jeneralak, «ohore militarragatik»

Igandean askatu zuen FARC-EP gerrillak, bi astean bahitua izan ostean.

Bake negoziazioetan «eztabaida utzi eta ekiten hasi» nahi du Bogotak
Alzate jenerala, galako uniformea jantzita, Claudia Farfan emaztearekin.
Alzate jenerala, galako uniformea jantzita, Claudia Farfan emaztearekin. EFE

Xabin Makazaga -

2014ko abenduak 3
Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak Ruben Dario Alzate jeneralari FARC-EP gerrillaren bahiketari buruzko «azalpenak» eskatu eta ordu gutxira, armada utziko duela jakinarazi zuen atzo buruzagi militarrak. «Aberriaren alde» armadan eman dituen 33 urte pasan «soldaduaren lehen bertutea ohore militarra» dela iritzita eta bere bahiketak erakunde militarrari kalte egin diolakoan, zerbitzu aktiboa uzteko eskatu zuen Alzatek. Berehala onartu zion erretiroa Santosek.

Ez zuen azalpen argigarririk eman zertara sartu zen Choco departamenduan, FARC gerrillaren eremu gorria den oihanean Jorge Rodriguez kaboarekin eta Gloria Urrego abokatuarekin zibilez jantzita, armarik gabe eta babes neurririk gabe. «Konfiantza» merezi duen komunitate batengatik, chocoarrengana «hurbiltzeko saio bat» izan zela esan zuen jeneralak, energia proiektu alternatibo bat sustatzeko asmoz. Ohiko segurtasun neurriak chocoarrei eragozpenik ez eragiteko ekidin zituela erantsi zuen.

FARC gerrillak Alzate jenerala askatu orduko, bahiketagatik eten zituen bake negoziazioak berriro hasteko urratsa egin du Kolonbiako Gobernuak. Talde negoziatzaileko lau kide, Humberto de la Calle buru dutela, jadanik Habanan daude, hurrengo elkarrizketa saioa prestatzen. Bi urtean, aldeek ezarritako helburuen %70 hitzartu dituzte, eta gatazka armatua «apaltzeko» borondatea agertu du Lacallek: «Badaukagu borondatea eztabaida utzi eta ekiten hasteko. Kolonbiarrei gatazkaren amaierara hurbiltzen ari garela erakutsi behar diegu».

Berriro elkarrizketa mahaian eseri aurretik, baina, bi aldeek elkarrekiko konfiantza berreskuratu behar dute, Alzateren bahiketak haustura eragin baitu. Hori nabarmendu dio FARC gerrillaren talde negoziatzaileak Kolonbiako Gobernuari: ezin duela bake negoziazioak berriro hasteko data bat ezarri, elkarrizketak bertan behera berak utzi ostean. «Arauak» berriro berregin eta «armistizio» baterako baldintzak aztertzea proposatu dio.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna