AEBen misilak Siriara «ailegatuko» direla erran dio Trumpek Errusiari

Putinek adierazi du «onartezina» dela Damaskori leporatzea eraso kimiko bat egin izana. Pentagonoa «datuak aztertzen» ari da

Bonbardaketetan txikitutako kale bat, martxoan, Douman. MOHAMMED BADRA / EFE.
mikel rodriguez
2018ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Donald Trump AEBetako presidenteak orain arteko mehatxurik zuzenena egin dio Errusiari Siriako gerran. Twitter bidez mintzatu zitzaion atzo, ohiko estiloan: «Errusiak dio Siriarantz botatako edozein misil eraitsiko duela. Presta zaitez, Errusia, ailegatuko baitira, politak, berriak eta inteligenteak! Ez zenuke lagun izan behar bere herria hiltzen gozatu egiten duen animalia gas-hiltzaile batena». Asteburuan Douma hirian gertatu zen ustezko eraso kimikoa dela eta, Trumpek eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Siriako Gobernuari errana diote hari eraso egiteko prest daudela. Vladimir Putin Errusiako presidenteak atzo erran zuen «onartezina» dela eraso hori Damaskori leporatzea, eta gaineratu zuen espero duela «zentzu komuna nagusitzea», eta «nazioarteko harremanak modu eraikitzailean» bideratzea.

Errusiak Libanon duen enbaxadoreak egindako adierazpenei erantzun zien Trumpek. Aleksandr Zasipkinek erran zuen Siriako Gobernuaren indarrek misilez egindako erasorik jasanen badute, Errusiako armadak misil horiek airean atzemanen dituela, eta horiek botatzeko erabili diren kokalekuei erasoko diela. Enbaxadorearen adierazpenei buruz galdetu zioten Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileari, baina ez zuen deus erantzun nahi izan. «Espero dugu alde guztiek inolako ekintzarik ez egitea».

Trump boterera ailegatu zenetik ohikoa bihurtu den bezala, ordea, presidenteak baino jarrera neurtuagoa izan du Pentagonoak. «Datuak aztertzen ari gara oraindik; gu, eta gure aliatuak», adierazi zuen Jim Mattis Defentsa idazkariak. «[Defentsa] Departamentuak ez ditu adierazpenak egiten balizko ekintza militarren inguruan», erran zuen, berriz, Eric Pahon bozeramaileak.

Associated Press agentziaren arabera, AEBek, Erresuma Batuak eta Frantziak Libiako esku hartzearen antzeko eredua aplikatzea aztertu dute: AEBen rola bigarren mailan utzi, eta erasoaldiaren lidergoa Frantziari eta Erresuma Batuari eman. 2011n esku hartu zuten Libian, Muammar Gaddafi boteretik kentzeko.

Errusia Sirian esku hartzen hasi zenetik Baxar al-Assad presidentearen alde (2015eko iraila),AEBek hainbat bonbardaketa egin dituzte Siriako Gobernuaren aldeko indarren aurka, baina Moskuk ez die inoiz erantzun. Israelek gehiagotan egin ditu halakoak —azkena, aste honetan bertan—, eta Siriako armadak behin bakarrik erantzun dio —hegazkin bat bota zion joan den otsailean—.

Siriatik ez pasatzeko abisua

Giroa gaiztotu denez, Eurocontrol Europako aire segurtasunerako agentziak aire konpainiei atzo eskatu zien Siriako aire eremutik ez pasatzeko. Bere webgunean adierazi zuen «datozen 72 orduetan» misilen jaurtiketak eta irrati bidez komunikatzeko arazoak gerta litezkeela.

Mehatxuen oinarrian Douma hirian joan den larunbatean gertatu zen ustezko eraso kimikoa dago. Damasko ondoko Ghouta ekialdea eskualdean talde armatu islamista sunitek kontrolpean duten azkenetako eremua da —Siriako armadak eskualde gehiena berreskuratu du otsailean hasi zuen erasoaldian—. AEBek, Erresuma Batuak eta Frantziak Damaskori leporatu diote gai kimikoekin zibilen aurka eraso bat egitea, eta, horregatik, militarki erantzun behar zaiola defendatu dute. NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluan hiru aliatu horiek eta Errusiak elkarri blokeatu dizkiote ustezko erasoaren inguruan neurriak hartzeko aurkeztu dituzten ebazpenak.

OPCW Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundeak herenegun jakinarazi zuen salaketa ikertzeko talde bat bidaliko duela, Siriako eta Errusiako gobernuekin hala hitzartu ondoren. Doumara sartzen uzteko eskatu die. Siriako eta Errusiako gobernuen arabera, AEBek eta aliatuek aitzakiatzat erabili nahi dute ustezko eraso kimikoa Al-Assad agintetik kendu eta gobernua aldatzeko.

2013an, Barack Obama zenean AEBetako presidentea, antzeko gertakari baten ondorioz Washingtonek Siriako Gobernuaren aurka esku hartuko zuela erran zuen, baina Errusiarekin negoziatu ondoren, Damaskok armategi kimikoa deuseztatzea onartu zuen. OPCWk gainbegiratu zuen prozesua, eta Bakearen Nobel saria irabazi zuen urte hartan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.