garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Bakardadea

2015eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Bakardadeak sistema immunitarioa ahultzen duela irakurri nuen atzo; zahar jendeari bereziki, bakterio eta birusei aurre egiteko babes naturala gaitzitzen diola, funtsean globulu zuriak urriarazita; halaber, lotura estua duela hantura sorrarazten duten geneekin, eta ondorioz, ez dela harritzekoa baztertuta bizi denak inflamazio arazoak pairatzea. Eta logikoa iruditu zitzaidan, senak aspaldi argitutako egia dela, albistea deskubrimendu zientifiko gisan aurkeztu zuten arren. Finean, depresioa bezalako kalte psikologikoak eragin baditzake, nola ez ditu ba arazo fisiologikoak ere sorraraziko, biak elkarren ifrentzu izanik.

Jakin-mina piztu zidan ikerketak, zaharrak zaindu beharrari edo isolamendu sozialaren aurkako aldarriari sentimenduena baino oinarri aseptikoagoa ere eman nahia usaindu bainion, harik eta aldaketa molekular horiek azaltzeko esperimentuak nola egin zituzten irakurri nuen arte: besteak beste, Rhesus makako multzo bat —gizakiak bezain sozialak, izatez— hiesaren tankerako birusaz kutsatu ostean, espresuki bakartutako kideei infekzioa errazago zabaltzen zitzaiela frogatuta.

Eta dagoeneko alferrik ari garela otu zitzaidan, humano agertu nahi dugunean ere, tokitan gelditu zaigula humanitatea. Errukia sentitzeko ahalmen hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.