Miren Amuriza.
BIRA

'Dreamers'

2017ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Esna dagoela amets egiten duena omen ameslaria, gogoan darabiltzan ideiak (gertagaitzak edo errealitatetik urrun samar daudenak) benetan gauzatzea posible dela irudikatu ohi duen hura. Amets batzuk, izan ere, ez dira fantasia besterik; manta-arraia batek zerua hegan zeharkatzea adibidez, edo gerra bat itzaltzea, sute bat balitz lez, euria egiten duen bakoitzean. Beste batzuk helburuak dira fantasiak bainoago; hain ikasketa egitea edo hain mendi-gailur zapaltzea, esaterako. Helburu lorgarria gehi bat, geure bidetxoak zabaltzen joateko, horixe proiektatu behar genuela esaten zigun irakasle batek. Ametsak, helburuak, paseatzera atera behar dira eta lantzean behin haizeak astin ditzan utzi, herriko jaietan osabak erositako heliozko globoa zerura askatu zuen umearen antzean.

Ameslari, dreamer, hala esaten diete paperik gabeko haur eta nerabe estatubatuarrei; mexikarrak omen gehienak, El Salvador, Guatemala eta Hondurasekoak ere bai. Barack Obamak adin txikikook babesteko programa bat abiatu zuen, ikasteko eta lanerako bisak ematen zizkieten. Ordea, Donald Trumpek bertan behera utzi du eta ondorioz, 800.000 bat gaztetxo daude deportatuak izateko arriskuan. Globoak lehertu ere egiten direla batzuetan, alanbrezko hesietan trabatzean, adibidez. Izango ahal dute ameslariok beren helburuak gehi bat lantzen jarraitzeko adina irudimen eta babes.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.