Miren Amuriza.
BIRA

Inpultsiboki

2017ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Jendeak (neu lehenengo naizela) WhatsAppari ematen dion erabilerak moskeatuta nauka. Badira, mezu puntualak bidaltzeko bainoago, elkarrizketarako tresna gisa baliatzen dutenak, baina izan gaitezen zintzoak: «zer moduz?» ez da WhatsAppetik galdetzen; norbaiti buruz benetan jakin gura duzunean, deitu egiten diozu. Badira berba eginda planteatu beharko liratekeen gauzak WhatsAppez proposatzeko ohitura hartu duten ezezagunak ere: «Aupa, urliak pasatu dit zure kontaktua...».

Eta bada (batik bat azken asteotan) aplikazioa inpultsiboki erabiltzen ari den jendea, Kataluniako auziarekin zerikusia duen guztia etengabe birbidaltzen diharduena: argazkiak, bideoak, estekak, GIFak; Diada, Els segadors, karga polizialak, Jordiak; herriko deialdiak, eskualdekoak, nazionalak, nazioartekoak... Denak. Ulertzen dut, informazioa bainoago, emozioak konpartitzeko modu bilakatu dela bat-bateko mezularitza eta sarritan zaila izaten dela unean uneko pultsioei eustea, baina ni neu gainezka egitear egon naiz une askotan. Aztoratuta gabiltza ibili ere, gure erradiografia emozionalei begiratzea besterik ez dago (WhatsAppeko emotikonorik erabilienaren zerrendari, alegia): beso gihartsua, bihotz morea, txaloak, sirena-argi gorria, langostino bat (ups!), bihotz-begidun aurpegia, ukabiltxoa, bihotz urdina, bozgorailutxoa... Eta tximu koitadua belarriak estalita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.