Miren Amuriza.
BIRA

Auzolana

2018ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Auzolan erraldoi bat izango da Oiartzungo Gazte Akelarrea gaurtik igandera bitartean, hala zioen Lur Albizu Ernaiko bozeramaileak BERRIAri atzo emaniko elkarrizketan.

Auzolana ez da etxerakoa, norbere sukalderakoa, baizik komunitatearentzakoa; familia-egituretatik haragokoa. Karpa bat muntatzea, bide-ertzeko sasiak moztea, eraikin okupatu bat berriztatzea, etxean 150 lagunentzako kafea prestatu eta gaztetxera, frontoira, plazara termoetan eroatea da auzolana; erakundeen esku-hartzerik bakoa, antolatutik adina izan ohi duena espontaneotik. Borondatezkoa, bitartekoetan urria bezain ugaria boluntarioen ingenioan (nork ez du ezagutzen hiru-lau palet eta esku bete bridarekin marabilak egiten dituenik?). Elkarlana da, bakoitzak dakientxoarekin aberastekoa; ingurukoen gaitasunak eta mugak (baita geure buruarenak ere) deskubritzen joatea. Nork bere denbora eta energia proiektu kolektibo bati eskaintzea da auzolana; herria egiteko era bat.

Nik, neure inuzentean, herria egitea kartoizko maketatxoak sortzea zela uste nuen, pop up liburuen antzean, mahai gainean zabaldu eta hantxe zutituko zela. Herria. Horregatik itzuli nintzen, Gazte Topagune batera lehenengoz joan ginenean, «non dago herria?» pentsatuz. Gerora ulertu nuen une horietantxe, auzolanaren ondoren kideen arteko konplizitatea aurretik baino estuagoa den uneetan, dagoela. Herria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.