Miren Amuriza.
BIRA

Hogeita piku

2018ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Piztiatxo iheskorrak gara behe-laino artean; geure zango arin eta adar oker, kautibitatean hazi ondoren, hemen, hogeita piku urtetik hogeita hama pikura bitartean dagoen lurralde zehaztugabe honetan askatu zituzten piztiatxoak (umezarotik gaztarorakoari «nerabezaroa» deritzon lez, ez al luke gaztarotik helduarorako trantsizioak ere izendapen konkretuagoren bat beharko?). Hementxe bizi gara inoren arboladi, etxe, lantoki finko, furgoneta eta ume-karroz inguratuta, lantzean espezie-kideren batekin gurutzatzen garela: aldika elkar usaindu eta ez ikusiarena eginez, aldika begi keinu batekin agurtuz. Etzan, etzango baikinateke geu ere ume-karro, furgoneta, lantoki finko, etxe eta arboladien gerizpeetan; tartetxo baterako bakarrik, ordea. Sinatuko genituzke hipoteka, kontratu mugagabeak eta gogaitutakoan, «kito, ez nabil» esango genuke, «ez dut heldua izatera jolasten segitu gura». Eta behe-laino artean desagertuko ginateke. Peter Panen sindromedunak baikara gu, piztiatxo adardunok; gureari gaitz baten izena jar geniezaiokeela jakitean, estutu bainoago, trankildu egin ginenok. Eta, honelaxe, saihesbideetan barrena iritsi gura genuke ostera ere umekeriak egiteko libre izango garen eremuraino; gaztarotik zahartzaroraino, helduarotik pasatu barik. Honelaxe, geroz eta aldra ugariagoetan. Esan dut, lehen ere, elkarri usaina hartzen dioguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.