Miren Amuriza.
BIRA

Nikaragua

2018ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Zortzi bat urte izango nituen osabak Nikaraguatik zurezko armadilo koloretsu hura ekarri zidanean; luzaz eduki nuen mesanotxean. Hamabost-hamaseirekin, «Nahasteak I lasaiak» eta «Nahasteak II patxanga» izeneko CDak grabatu zizkidan lagun batek eta bigarren hartantxe entzun nuen lehenengoz Kortaturen «Despierta, dispara, un gringo en tu casa»; artean gringo bat zer zen ez nekien arren, hantxe ni, discmana aldean-da, atzamarrekin logelako lanpara tirokatzen. Hogeita bi-hogeita hirurekin, Wikipedia eta Gioconda Belli; iraultza sandinista eta La mujer habitada, gerrillan sartu eta kide batekin maitasun-harreman sutsua eduki zuen neska emantzipatu haren istorioa.

Armadiloaren exotismoa, gehi askapen borrokaren idealizazioa, gehi Belliren erromantikotasuna... Berdin: sumendi bat kristalezko bola baten barruan. Utopia.

Ordea, bola hari gas negar-eragilea dario orain: ikasle eta gizarte mugimenduek gobernuaren kontrako protestak hasi zituztenetik ia hilabetera (eta dozenaka zauritu, atxilotu, hildakoren ondoren), ehunka lagun mobilizatu dira asteon ere Ortega eta Murillo agintetik botarazteko; ezer gutxi ei dauka egungo Fronte Sandinistak laurogeiko hamarkadan justizia sozialaren eta parekidetasunaren alde altxatu zen korronte iraultzaile hartatik.

Eta gasa usaintzean, erabaki egin behar: desenkantuan logaletu edo enegarrenez itzartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.