Poroxenkok lege bihurtuko du Ukrainako matxinoen eremuen autonomia

Autogobernu mugatuarekin «bakea» ezarriko dela adierazi du presidenteak.

Matxinoek erantzun dute legeak ez diela «eragiten»
Ukrainako armadako soldadu bat, ekialdeko Debaltsevo hirian.
Ukrainako armadako soldadu bat, ekialdeko Debaltsevo hirian. ROMAN PILIPEY / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko irailak 11
Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak lehenbailehen itxi nahi du Ukraina ekialdeko Donetsk eta Luhansk eskualdeen estatusaren auzia. Heldu den astean bertan aurkeztuko dio lege proposamena parlamentuari. «Lege horren arabera ezarriko da bakea. Proiektuak bermatuko du eremu horiek modu baketsuan itzultzea Ukrainaren agindupera». Poroxenkok, ordea, lege proiektua matxinoen iritzia kontuan hartu gabe egin du, eta horiek argi utzi dute ez dutela onartuko. «Ukrainak nahi dituen legeak onar ditzake, haren barne politikako kontu bat delako. Guri horrek ez digu eragiten», erantzun du Andrei Purgin Donetskeko Herri Errepublikako lehen ministrordeak. «Gu estatu burujabe bat gara, eta espero dugu harreman ona izatea Ukrainarekin».

Bortz egun bete ditu su-etenak Ukraina ekialdean. Borrokak ez dira erabat eten, eta hainbat pertsona hil dira ordutik, baina Poroxenko eta Vladimir Putin Errusiako presidentea pozik agertu dira meniarekin. Ukrainako presidentearen arabera, «Errusiako tropen %70 mugaz bertzaldera erretiratu dira» —Errusiak ukatu egin du Ukrainara soldaduak bidali dituela—. «Horrek arrazoi gehiago ematen digu pentsatzeko bake ekinbideek etorkizuna daukatela». Putinen aholkulari Juri Uxakovek Itar-Tass agentziari erran dionez, Putin eta Poroxenko herenegun telefonoz mintzatu ziren su-etenaren inguruan, eta adierazi du biak «hagitz pozik» daudela meniarekin.

Minsken sinatutako hamabi puntuko protokoloa beteta ezarri zuten su-etena. Ekialdeko eremuen estatusa ere aipatzen du protokoloak, baina alde bakoitzak bere interpretazioa egin du. Ukrainako Gobernuaren arabera, matxinoek gaur egun kontrolpean dituzten eremuetan soilik ezarriko da «aldi baterako autogobernu erregimena», ez Donetsk eta Luhansk eskualde osoetan. Hori lege bihurtuta, auzia bukatutzat eman nahi du Poroxenkok. Matxinoek, ordea, ez dute bukatutzat eman. Luhanskeko Herri Errepublikako lehen ministro Igor Plotnitskiren arabera, «datozen egunetan» eztabaidatuko dute Ukrainako agintariekin Donetskeko eta Luhanskeko estatus politikoaren inguruan. Baina Plotnitskik erran du matxinoek ez dutela onartuko «maiatzaren 11ren aitzineko estatusera itzultzea». Egun horretan egin zituzten independentziaren inguruko erreferendumak, kontrolpean zeuzkaten guneetan.

Meniak, beraz, barealdi bat eman dio gerra irekiari —Nazio Batuen Erakundearen arabera, ia 3.000 pertsona hil dira ekainetik—, baina jarrerek bere horretan segitzen dute. Poroxenkok Errusiako 64 enpresa eta norbanakoren kontrako zigor ekonomikoak ezartzeko legea sinatu du, «ekintza terroristak» sustatu dituztelakoan, eta Ukrainako armada hasi da harresia eraikitzen Errusiarekiko mugan, armadak berak Facebook sare sozialean jakinarazi duenez. Matxinoen zenbait eraso ere salatu ditu Kievek. Gainera, Valeri Heletei Defentsa ministroak adierazi du armadak su-etena baliatu beharko lukeela «posizioak indartzeko».

EBren zigorrak, atzeratuta

EB Europako Batasunak, ordea, gibelatu egin du Errusiaren aurka onartutako zigorrak aplikatzen hasteko erabakia, desadostasunengatik. Putin hagitz kritiko agertu da EBrekin: «Ukrainako krisia gure bazkide europar batzuek sortu eta probokatu zuten, haien bloke militarra [NATO] berpizteko», adierazi du, gobernuaren bilkura baten ondoren. 2016-2025 arteko armen programaren garapena eztabaidatu dute. Zuzenean aipatu gabe, Putinek NATOri egotzi dio Gerra Hotzaren aroko «armen lehia» piztea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna