Rohingyen itzulerarako «lehen pausoa» eman dute Myanmar eta Bangladeshek

Etniakoak ez dira fio akordioaz. Herritartasun ukapenari eutsi nahi dio Myanmarrek. Bangladeshek dio bi hil barru hasiko dutela lekualdatzea

Igor Susaeta.
2017ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Myanmarko armadaren azken errepresio oldarralditik ihesi, joan den abuztu amaieraz geroztik rohingya etnia musulmaneko 620.000 bat kidek alde egin behar izan dute Myanmarko Rakhine eskualdetik, beren etxetik, Bangladeshera. NBEk behin baino gehiagotan salatu du zer gertatzen ari den: «Munduan gehien jazarritako etnia da». Exodoa hasi eta ia hiru hilabete geroago, bi estatuetako gobernuek rohiyngien itzulerarako akordioa egin zuten atzo. Xehetasunik gabekoa da hitzarmena, ordea, ez baitu ez itzulerarako egutegirik zehazten, ez eta baldintzarik ere. Myanmarren aspalditik baztertuta bizi izan diren etniakoak, hortaz, ez dira fio.

Naypyidaw Myanmarko hiriburuan lortu dute hitzarmena, eta, Mahmud Ali Bangladesheko Atzerri ministroaren esanetan, itzulerarako «lehen pausoa» eman. Bangladeshko Gobernuko beste iturri batek jakinarazi zuen bi hilabete barru hasiko direla rohyngiak etxera itzultzen. Txostenak esaten duen bakarra da, ordea, «printzipioen eta politiken gida orokor bat» dela akordioa. Horregatik, Myint Kyaing Myanmarko Lan, Immigrazio eta Herrirako Ministerioko idazkariak adierazi zuen «elkar ulertu» ahal izateko akordioa dela, eta «ahal bezain pronto» abiaraziko dutela itzulera prozesua.

Segurtasuna

Errefuxiatu guneetan daude oraingoz. Joan den abuztuaren 25ean, ARSA Arakan Rohingya Askapen Armadak eraso egin zion Myanmarko Poliziaren eta armadaren etxola bati, eta hamabi militar hil. Myanmarrek indarkeriarekin erantzun zion gertakari hari, eta rohingyen herriak txikitzeari ekin zion —1,1 milioi bizi dira Rakhinen, populazioaren heren bat—. «Jazartzen ez baldin badigute eta bizi baldintzak budistenak edo gutxiengoen artean dauden beste etnietako kideenak bezalakoak badira, itzuliko gara», esan zion errefuxiatu batek atzo Reuters berri agentziari. Aung San Suu Kyi Myanmarko presidenteak ziurtatu du itzulera «segurua» izango dela.

1982an adostutakoari eutsiz, Myanmarren asmoa da rohingyei, haien jaioterrian, herritartasuna ukatzen jarraitzea. Myanmarren %89 budistak dira, eta gobernuak 134 gutxiengo aitortzen ditu. Rohingyak, ordea, ez daude haien artean, eta ghettoan bizi dira. AEBentzat, «garbiketa etnikoa» da gertatzen ari dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.