garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Zoriona

2015eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Baina, zer ote da zoriona, galdetzen du poesia asmorik gabeko zutabe honek, zer ote da aldarte goren hori, sentipen harrapagaitz hori, ba ote dago benetan momentuko gozamenaz edo oinarrizko beharrizanen asetzeaz haragoko estadiorik, ala luzaroko atsekabe ezari esaten zaio funtsean zoriona. Izan badela irizten diotenek ez ote dute barne bakeak ekar lezakeen soseguarekin nahaspilatzen.

Baina, sinestea komeni den beste gezur handi horietariko bat izango ez balitz, kimera bat finean, non bilatuko ote genioke jatorria, izango ote luke kokagune zehatzik gure burmuinean, Broca doktoreak behinola hizkuntza gaitasunari ezker hemisferioan toki jakin bat identifikatu zion antzean…

Tokioko unibertsitateko Sato Wakura jaunak baietz diote harro, Precuneus deituriko arean duela zorionak habia, goiko lobulu parietalean hain zuzen, eta erresonantzia magnetiko bidez ikusi, ukitu eta neurtzen ahal dela, berak zenbait gazterekin egin duen moduan. Laburbilduz, Precuneus handiagoa eta materia grisez ongi betea omen du ezaugarri zoriontasunak.

Bejondeiola, beraz, on Sato Wakurari, aurkikuntzagatik, eta geure zoritxarraren errua gizarte moldeari edo oro har sistema lehiakor honi botatzeko aitzakiak funtsik gabe utzi nahi izateagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.