Miren Amuriza.
BIRA

Zorionak?

2017ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Bat! Bi! Hiru! Lau! Bost! Sei! Zazpi! Zortzi! Bederatzi! Hamar! Hamaika! Hamabi! Zorionak eta urte berri on! Zorionak! Zo-ri-o-nak! Zorionak? Ez, eskerrik asko. Ez zara zoriontsua, ala? Ez, ez naiz. Txarto al zaude, ba? Ez, nik ez dut esan txarto nagoenik. Orduan? Esan dizut, ez naizela zoriontsua.

Ezkor zaude, gero! Ez, ez naiz ezkorra, errealista naiz. Zoriontasuna jarrera kontua da, ba; nik, adibidez, 2018an zoriontsua izaten saiatzea erabaki dut eta katilu bat oparitu diot neure buruari eta harexek gogoraraziko dit goizero, helmugara iristea barik, bideaz gozatzea dela gakoa. Ez duzu, ez, helburu makala; zorte on, lagun! Zergatik «zorte on»? Urte oso batean zehar zoriontsua izaten saiatzea, zeure gerizari bostekoa ematen ahalegintzea lakoxea delako. Zer? Entzun duzuna.

Ño... animoso etorri zara gaur e? Horixe etorri naizena! Baina ez al didazu, ba, esan ez zarela zoriontsua? Ez, ez naiz, baina banago. Barkatu? Gaur zoriontsu nagoela, animalia aldakorra naizela, alegia, eta zoriontsu izatea, modu iraunkorrean, ezinezkoa dudala; lantzean behin zoriontsu egotea bai, hori posible dut. Uf... hori konplikatuegia da katilu batean idazteko! Hain konplikatua ere ez; galdetu lehenengo zure ingurukoei zoriontsuak ote diren eta galdetu gero zoriontsu ote dauden, ea zer diotsuen! Eta zorionak ematea nahi ez baduzu, zer esan? Trankil, urtebete daukazu pentsatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.