Elizakoak berandu amaitu zituztela eta kexaka etxeratu zen lehengoan gure amama. Lantzean abade bat bidaltzen diete eta orain daukatena xelebre samarra omen. Mezaren amaieran tarte bat harrarazten ei die isilean hausnartzeko. Eta zu zertzuk pentsatzen egoten zara, amama? Ba, gauzak, gauzak pentsatzen egoten naiz. Hantxe irudikatu nuen, banku korrituan jarrita, burumakur; atzamar puntekin klinex zimurtua estutzen, edo eztulari eutsi ezinik, edo txizalarriari, edo erlojuari begira... Bere gauzetan pentsatzen. Meditatzen. Edo orain esaten den bezala, mindfulnessa praktikatzen; edo mendi tontorrean hamaiketakoa jaten, edo zigarro bat erretzen, edo yoga egiten, edo dutxa bero bat hartzen... Meditatzen.
Egundo ez da fededun sutsua izan eta garai batean xaxatu egiten nuen. Zergatik joaten zara domekero elizara, amama? Zer dakit nik, ume! Joaten naiz, ba, beti joan izan garelako, lagunei qué hay egiteko eta... Badaezpada, ume. Bere denbora eta diruak elizari eskaintzen alferrik ari zela esatekotan egoten nintzen lehen: zeruan lainoak, abioiak eta basura espaziala besterik ez dago, amama! Orain ulertzen saiatzen naiz, elizak ordezkatzen duenari estimurik batere eduki ez arren, hurreko jende asko bertaratzen baita oraindik beren gauzetan pentsatzera. Izango lukete haiek ere zeresana kobraren posturan eguzkia agurtzen ikusiko bagintuzte.
BIRA
Gauzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu