Miren Amuriza.
BIRA

Anakroniak

2018ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Cambridge, 2009ko ekaina. Unibertsitateko areto bat atontzeko agindua emana zuen Stephen Hawkinek: pankarta bat, globoak, mahai bete aperitibo eta txanpaina. Luzaroan itxaron zuen baina ez zitzaion inor agertu, festa hura ez baitzen edonorentzakoa: «Wellcome time travellers», halaxe zioen pankartak. Behin ekitaldia amaitutakoan, bertara joateko deialdia zabaldu ei zuen Hawkinek, gonbidapen haiek mende batzuez iraungo zutelako esperantzarekin. Hartara, etorkizuneko ikerlariren batek topatzen zituenean, aurrerapen zientifiko eta teknologikoen laguntzaz, bere festara itzuli ahal izango zen.

Igual bai. Igual, etorkizunean, posible izango da denboran zehar bidaiatzea eta etorriko dira zientzialariak Hawkinekin topa egitera. Igual bidaiarientzako espedizioak antolatzen hasiko dira gero, eta haiek, Cambridgera ez eze, gure auzoetara sartu gurako dute ohitura anzestralak fotografiatzeko; kamerekin barik, begiekin aterako dizkigute argazkiak (adibidez, pintxopotean edo okindegiko ilaran gaudela) eta gure hizkera exotikoan ergelkeriaren bat zelan esaten den galdetuko digute (maite zaitut, adibidez). Gero, behar ez duten trepetxuren bat oparituko digute (mikrotxip hondaturen bat edo) eta gero, bye-bye. XXI. mendeko turista mendebaldarrek garapen bidean dauden herrialdeetan egingo luketena, genukeena, alegia. Igual orduantxe ikasiko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.