Miren Amuriza.
BIRA

Parkean

2018ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Guraso gaztez inguratuta egoteak lantzean gauza interesante bat entzunarazten digu hurrean gabiltzanoi, gure zirkuitutik kanpo geratzen diren ekosistematxoei buruzkoak, esaterako (eskola, parkea, igerileku txikia...). Herriko parkean integratu ezinik dabiltza, adibidez, euretariko batzuk; hantxe elkartzen baitira, halabeharrez, artean saihesten ahalegindu diren ezagun askorekin.

Zera ziostan batek orain hurrengoan: jostailuak konpartitzen irakatsi diola umeari eta halaxe egiten duela hark parkean ere. Ordea, lehengo batean, bereak baloia eskatu ziola Urliarenari (dagoeneko kutsatu dute posesiboen erabilera irritante horrekin) eta hark ukatu egin ziola; umeak berak erabakitzen zuenean utziko ziela baloia besteei, horixe esanaz eskusatu ei zuen Urliak bere alaba. Pausatxo bat egin zuen kontakizunean (nik bere alde edo Urliaren kontra zerbait erants niezaion) eta erantzuten ez niola ikusi zuenean, are sutsuago segitu: beste batean errepidea gurutzatu zutela, bereak eta Urliarenak; berak errieta egin ziola umeari eta Urliak kontu hartu ziola, denen aurrean, txikiei gauzak pazientziaz eta bozik altxatu barik esplikatu behar zitzaizkiela esanaz.

Isilik jarraitu nuen, parkeko jokoak buruan: ume bi, lurrean, bakoitza bere barraskiloa animatzen eta metro batzuk atzerago gurasoak banku batean, eskala handiagoan, lehia bertsuan katramilatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.