Miren Amuriza.
BIRA

Badmintondarrak

2018ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Zera proposatzen dut, elkarte bat sortzea: futbolak kaltetutakoen elkartea (edo gimnasiako klaseetan badmintonean ibiltzen ginenona). Lantzean bilkura bat egin genezake, eta bertaratzen direnei kolektiboaren sigladun pultserak banatu, gomazko horietakoak. Bazterretakoak bazkidetu ahalko lirateke, jolastokiaren bazterretakoak; dantzan, goman edo gailetak jaten dabiltzan bitartean, baloiak noiz joko egoten direnak. Poteoan, ingurukoek futbolaz dihardutenean, zer esan ez dakitela txokoan geratzen direnak ere bai. Edo, alboan hanka-zabalik dauzkaten forofoek telebistaren mandoa askatzen ez dutelako, sofa izkinan jarri behar izaten diren horiek. Larunbat goizetan, umeak futbol zelaira eroaten dituztenean, inguruko guraso lehiakorrak saihestearren harmaila-kantoian esertzen diren aita-amak. Eta Mundialari buruzko titularrek eklipsatuko dituzten berriak idatziko dituzten kazetariak. Hauekin denekin bazkidetuko bagina, izango litzateke futbolzale guztiak berdinak ez direna gogoraraziko ligukeenik. Ordea, agertuko litzateke bere jolastokian gailetak jaten egoten direnak nahita txokoratzen direla esango lukeen pitxitxirik ere; «baztertu egiten gaituzue»-ka kexatuko litzateke lantzean bilkura bat egingo bagenu eta bizkar-kolpetxo batekin erantzungo genioke guk: «Hitz egingo dugu badmintoneko munduko kopak FIFArenak besteko oihartzun duenean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.