Ukrainak eta EBk elkartze akordioa berretsi dute, eta azaroan jarriko da indarrean

Hitzarmenaren arlo ekonomikoa ez da 2016ra arte aplikatuko.

Kievek autonomia legea onartu du, eta matxinoek pauso baikortzat hartu dute
Eskuin muturra eta Polizia aurrez aurre, atzo, Kieven.
Eskuin muturra eta Polizia aurrez aurre, atzo, Kieven. SERGEY DOLZHENKO / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko irailak 17
Ukrainaren eta EB Europako Batasunaren arteko elkartze akordioa azaroan sartuko da indarrean, bi parlamentuek atzo akordioa berrestearen alde bozkatu baitzuten. «Akordioa lehenbiziko minututik hasiko gara aplikatzen», hitzeman du Petro Poroxenkok, Ukrainako presidenteak. Akordioaren zatirik labainkorrena, ordea, 2016ra arte gibelatuko dute, hau da, Ukrainaren eta EBren artean merkataritza askeko gune bat sortzea, eta bi alde horiek eta Errusiak hitzartu dute oraindik indarrean ez sartzea. Viktor Janukovitx Ukrainako presidenteak elkartze akordioa sinatzeari uko egin ziolako matxinatu zen oposizioa iazko azaroan.

Matxinada horren ondorioz, Janukovitx boteretik kendu eta haren aurkako alderdiek hartu zuten boterea. Donetsk eta Luhansk ekialdeko eskualdeetan, ordea, botere berriaren aurkako matxinada piztu zen, eta Kievek armada bidaltzean, berriz, gerra. Gatazkari bukaera emanen diolakoan, Ukrainako Parlamentuak atzo onartu zuen Poroxenko presidenteak aurkeztutako autonomia legea, matxinoen esku dauden lurraldeetan autogobernua ezartzeko. Lehenbiziko adierazpenetan, matxinoen ordezkariak ez dira legearen aurka mintzatu.

Irailaren 5etik su-etena indarrean dago, baina tentsioa handia da, eta borrokak, tiroketak eta bonbardaketak ere gertatu dira zenbaitetan. Gerrak ez du agenda politikoa eten, ordea, eta ekainean elkartze akordioa sinatu ondoren, egutegiari eutsi diote Kievek eta Bruselak. Ukrainako Parlamentuan 450 diputatutik 355ek bozkatu dute elkartze akordioa berrestearen alde —381 agertu ziren bozketara—, eta Europakoan, berriz, 535ek bozkatu dute alde, 127k aurka eta 26k abstentzioa eman dute. «Ukrainak Europako bidea hartu du, eta inork ezinen dio EBko kide izateko bidea itxi», adierazi du Poroxenkok.

Ukrainako Gobernuak aurki EBk exijitutako hainbat erreforma onartuko ditu (atzerriko inbertsioak errazteko, justizia sistema aldatzeko...), baina elkartze akordioaren arlo ekonomikoa ez da ezarriko oraingoz. Alde batetik, Ukraina hagitz egoera ekonomiko txarrean dagoelako, eta, bertzetik, Errusiak presio egin duelako. EBrekin elkartze akordioa sinatuz gero, Ukraina Errusiaren eragin ekonomikotik aldenduko litzateke. Gaur egun, Ukrainak merkataritzan zerga- salbuespen erregimen bat dauka indarrean Errusiarekin eta EBE elkartea osatzen duten Sobietar Batasuneko herrialde ohiekin. Gerraren ondorioz, Ukrainaren eta Errusiaren arteko harreman ekonomikoak gutxitu egin dira. Kievek, Bruselak eta Moskuk negoziazioekin jarraituko dute harreman ekonomikoa finkatzeko.

Barneko egoera baretzeko, berriz, Ukrainako Parlamentuak hiru urteko autogobernua onartu du matxinoek Luhansken eta Donetsken kontrolpean dauzkaten eremuetarako. Poroxenkok plana aurkeztu zuenean, matxinoen ordezkariek erabat baztertu zuten, baina atzo bertzelako adierazpenak egin zituzten. «Printzipioz, ez geneukan asmorik Ukrainarekin akordio politikorik egiteko», adierazi du Donetskeko Herri Errepublikaren lehen ministrorde Andrei Purginek. «Baina legea ikertuta, ohartu gara puntu batzuk onar ditzakegula, Ukrainarekin batera bizitzen lagundu gaitzaketelako arlo sozial, kultural eta ekonomikoan». Luhanskeko Herri Errepublikaren lehen ministro Igor Plotnitskiren arabera, berriz, «irtenbide baketsuak lehenbiziko aukera lortu du». Amnistia lege mugatu bat ere onartu du Ukrainako Parlamentuak.

Militar gehiago Krimeara

NATOren eta Errusiaren arteko tentsio geopolitikoa da Ukrainako gatazkaren bertze hari muturretako bat. NATOk Ukrainako mendebaldean ariketa militarrak hasi ondoren, Sergei Xoigu Errusiako Defentsa ministroak jakinarazi du Krimean daukaten presentzia militarra areagotuko dutela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna