garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Kuba

2016ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Siriako errefuxiatuekin alderatzerik ez dagoen arren, Kubatik atera den jende oldeak ere merezi du aipamenik. Bide zuzenenetik ezin jo eta Erdiko Amerikatik barrena urratu nahi izaten dute AEBetarako bidea; odisea latza da, bizimodu eroso eta askeagoaren itxaropenean diseinatua, eta bide batez esanda, kubatarrei erresidentzia besteei baino errazago lortzea ahalbidetzen dien legea bertan behera utziko duten beldurrak akuilatua.

Askotxoren bide-orriak Ekuadorrerako hegaldia izan du lehen etapa, han ez baitzaie bisa lortzeko eragozpenik jartzen. Kolonbia eta Panama igaroko zituzten gero, eta handik Costa Ricara, pasurako baimena lortuta, gorantz jotzeko… Ezin, ordea. Ez Nikaraguatik, ez Guatemalatik, ez eta Belizetik ere, burujabetza ziurtatu beharra argudiatuta, mugak itxi dizkietelako. Gainera, Costa Ricari hortzak erakusteko modua ere badelako, AEBen migrazio politika babestea eta apropos zipoka aritzea leporatzen baitiote inguruko estatuek.

Raul Castrok gogoan izan zituen urte amaierako hitzaldian. Migratzeko eskubidea aldarrikatu zuen haientzat, eta bidean giza legez har ditzatela eskatu. Ez «itzuli etxera», ez «besoak zabalik hartuko zaituztegu», ez antzeko hitz gozorik. Ondoan halako erkiderik nahi ez duen seinale. Milaka izanda ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.