Miren Amuriza.
BIRA

Gurutzada

2017ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Ai, Ignacio Arsuaga, Hazte oír-eko bozeramalea; abiatu duzue, abiatu baduzue, enegarren gurutzada: bikote homosexualen ezkontzak, abortua, haurren transexualitatea... Eska niezazukeen autobus bedeinkatua zergatik atera duzuen azaltzeko, baina, egia esan, ez zaizkit zuen argudioak interesatzen. Bai, ordea, emozioak, eta zuei gorrotoa darizue; genero rolak gainditu dituztenekiko antipatia, nazka, ukazioa. Baina ba al dakizu, gizajo horrek, gorrotoa zein emozioren isla izaten den? Beldurrarena. Neuk ere badakit, bai, izua zer den; umetan beldurra nien arratoiei eta lotan nengoela behatzak jaten zizkidatela amesten nuen, irudika nitzake, beraz, zure amesgaiztoak: izaki sailkaezinak orgia satanikoetan; sua eta kea; alu usaineko landare haragijale erraldoiak eta adarren ordez buruan zakilak dituzten akerrak, edo ahuntzak... Ez daukazu aitortu beharrik, baina ez ote zara irri txikiarekin itzartzen?

Ai, Ignacio eta konpainia, abiatu duzue, abiatu baduzue gurutzada hau ere: mutikoek zakila, neskatoek bulba. Esplikatuko nizueke zuek gizon eta emakume deritzezuen kategoria horien bien artean continuum luze bat dagoela baina merezi baino arreta gehiago eskaini dizuegu dagoeneko eta nago, nire argudioak ez zaizkizuela interesatuko. Umeak neska-mutil binomiotik kanpo hezteko bitartekoak sortzen jarrai dezagun motibatu gaituzue, mila esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.