Miren Amuriza.
BIRA

Letra

2018ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
SSentsazio bitxia izan nuen orain hurrengoan, ondo samar (aspalditik baina ez betidanik) ezagutzen dudan lagun baten eskuzko letra lehenengoz ikusi nuenean. Apurtxo bat biluziago hauteman nuen, bera konturatu barik negarrez edo masturbatzen harrapatu izan banu bezala. Eta grafologiaz ideiarik ere ez daukat, baina pentsatu nuen halakoxea behar zuela hain pertsona iheskorraren idazkerak: hizki txiki eta estuduna, berbatik berbarako tarte zabalak zituena.

Sentipen haren bueltan itzuli nintzen etxera eta halaxe jabetu, geroago eta jende gutxiagoren letra identifikatzen dudala. Gurasoenak ezagutzen ditut, beti-betiko lagunenak, amamaren letra infantila, ikaskide ohienak...Baina egunerokoan inguruan ditudan beste askorenak ez. Salatari diskretua da eskuzko letra, norbere pultsua, aztarna, mugimendurik estuenetakoa; oinatz ilara bat elurretan.

Topatu izan ditut harrezkero umetako eskola-lagunak kalean, idazkera urduria zuen bat lehengoan: berba birik behin tatxoi bat egiten zutenetakoa, boligrafoari indarrez sakatzeagatik paperean esaldien erliebeak markatzen zituena. Burdinazkoa balitz bezala ziharduen, gogor plantan, bere arrakastaren berri ematen eta nik neure kolkorako: Ā«Bai, bai, esazu gura duzuna, baina badakit zelako idazkera daukazunĀ». Azala ez bezala, letra nekez aldatzen baitzaigu urteak joan arren. Zerbaitegatik izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.