Miren Amuriza.
BIRA

Telazko poltsak

2018ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Euskal Herriko hormetako aldarrikapenen bilakaera aztertu du Josune Murgoitio arrasatearrak, eta, herenegun BERRIAn azaldu zuenez, pintaketen ekoizpena (mezuak) bezainbeste aldatu da berauek jendartean eduki izan duten harrera. Ordea, azken hamarkadotan, hormak ez eze, geure gorputzak ere erabili izan ditugu pankarta gisa, eta nago nabarmen transformatu direla horien tendentziak ere.

Gure amak laurogeietako pegatina piloa dauzka gordeta (Nuklearrik ez, Bai Euskarari, Amnistia, Euskal Unibertsitatea...), kazadoran edo poltsan itsatsita eroaten ei zituztenak; ikusgarriak, baina estu-orduan arin kentzeko modukoak denak. Hogeitaka urte geroagokoak dira nire armairuaren gorengo apaleko kamisetak: gorri, hori, berde, kolore deigarridunak; paparrean letra beltzak, letra handiak dituztenak eta forma karratudunak lehenengoetarikoak. Azken urteotakoak ostera, entailatuak, diseinu landu eta sotilagodunak, kolore pasteletan estanpatuak bat baino gehiago.

Halere, esango nuke, geroz eta kamiseta erreibindikatzaile gutxiago ikusten direla eta bestelako osagarri batzuek ordezkatu dituztela aspaldion: non eta besapeetan darabiltzagun telazko poltsek; kolektibo politiko zein artistikoen lemak dituzten poltsa zuriska horiek; diskretuak, letra eta ilustrazio findunak eta, batez ere, erraz konbinatzeko modukoak. Nork bere ondorioak atera ditzala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.