Miren Amuriza.
BIRA

Bekainak

2018ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Barre egin nion depilatzaileari goizetan bekainak orrazteko aholkatu zidanean (itxurak kezkatzen ez duelako plantak egiten dituen mari-apainaren tonuarekin): «bekainak orraztu?».

New Yorkeko Unibertsitateko ikerlari batzuek argitaratu berri duenez, bekainen agerpenak markatu zuen neurri handi batean giza-komunikazioaren eboluzioa. Bere arbasoen aldean, buru txikiagoa eta aurpegi lauagoa zeuzkan homo sapiensak, bekain finagoak eta muskulu malguagoak. Espresibitate handiagoa zeukan ordura arteko gizakiek baino (emozio gama zabalagoa adieraz zezakeen) eta, hain justu, horrexek erraztu zion kideen arteko kooperazioa (biziraupenerako funtsezkoa) garatzea: ez ozenago oihu egin ahal izateak, ez besoak gorago altxatzeak, bekainak mugitu ahal izateak baizik.

Izan ere, zenbat esaten dugun nork bereekin eta zein gutxi erreparatzen diegun inorenei (begiak, protagonistak beti baitira begiak...): gertatzen da ezagunen bat topatu eta aurpegian zerbait arraroa sumatu arren, segundo batzuk igarotzea bekainak ohi baino meheago, harroago, kurbatuago dauzkala jabetu arte eta, era berean, bekain-kolpe bat nahikoa izaten da sarritan, adierazi beharreko guztiak adierazteko. Aintzat hartzeko moduko ezaugarriak dituzte, inondik ere: diskretuak dira, baina boteretsuak. Arrazoi izango du, beharbada, nire depilatzaileak eta merezi izango du orrazteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.