Miren Amuriza.
BIRA

Ez

2018ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
«Hobeto ikusten zaitut» esan nion lagunari. Baietz berak, gimnasio hartan hasi zenez geroztik zentratuago zebilela. Astelehen eta asteazkenetan joaten zela esan zidan, zazpietatik zortzietara; animatzeko. «Ni gimnasio horretara? Bai zera! Zer pentsatuko luke jendeak?». Azkenean konbentzitu egin ninduen eta astebetera hantxe nengoen, bere zain: «ekarriko zenituen aldatzeko arropak, ez? Hemen asko izerditzen da» bota zidan sartu orduko. Aldageletatik muskulazio salara eroan ninduen: ezkerretara hamar bat lagun, makina banatan jarrita, burua alde batetik bestera jiratzen; eskumatara beste hainbeste, hatz erakuslea luzatu eta mugimendu bera errepikatzen. Ispiludun dantza-gela batera pasatu ginen gero: hantxe zeuden bospasei bikote, elkarri begira, musikaren erritmora «orain! orain! orain!» oihukatzen zien monitore saltari baten esanetara; hark «orain!» esaten zuen bakoitzean, «ez!» oihukatzen zuen bikotekideetako batek. «Ez dakit ahalko dudan, e?» aitortu nion lagunari. Egoteko trankil berak, hura beste maila bat zela eta oinarrizkotik hasiko ginela gu: ispiluaren aurrean lotoaren posturan jarri eta «ez, ez, ez» errepikatzeari ekin zion. «Horrela? Gehiagoko barik?» galdetu nion. Baietz berak, hobe zela «sentitzen dut»-ik eta «barkatu baina»-rik gabe ikastea. Ezetz esaten ikastea. Astelehen eta asteazkenetan zazpietatik zortzietara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.